Herritarren eskaerak eta teknikarien azterketak hartu dira kontutan bizikleten aparkalekuak indartu beharreko guneak zehazteko  

Zaldizurretako biribilgunean eta Loinazko San Martin plaza inguruan izan dira esku-hartze nagusiak

Mugikortasun jasangarria sustatzen jarraitzeko konpromisoari jarraituz, Udalak bizikletan erabilera lehenesteko helburuari tinko eusten dio. Bide horretan udal agintariak lanean dabiltza Hiri Mugikortasun Jasangarriaren planaren garapenean. Alabaina, prozesu horretan osagarri diren ekimenak ez ditu bazterrean utzi nahi eta herritarrentzako udalerri eroso, atsegin eta euren beharrei egokitua eraikitzen jarraituz, beste esku hartzea burutu du. 

Hiriei arnasa emateko, kutsadura murriztuz eta mugikortasun iraunkorreko moduak sustatuz, mugikortasun modu berri horretan, bizikletak funtsezko rola jokatzen du garraio publikoaren alternatiba gisa. Baina kontuz, garraiobide honen onurak gure ingurumena babesteko duen zereginetik haratago doaz; osasuna hobetzen ere lagunduko dute.

Bizikletaren erabilera sustatzea

Pertsonen osasuna, hiri garbiagoak eta trafiko gutxiagokoak dira bizikleta garraio perfektuaren alternatiba bihurtzen duten argudioetako batzuk. Mugikortasun iraunkorra, beraz, geroz eta handiagoa da hirietan. Beasainen bidegorri sarea eta honen ekipamendu gehigarri diren bizikleta aparkalekuen kokapenak aztertu eta dauden gabezia edo hobekuntza aukerak identifikatu eta martxan jarri dira.

Errepasoa eginda, aparkaleku eredu ezberdinak identifikatu eta horietaz gain patineteak uzteko egokiak diren egiturak kokatzeko tokiak bistaratu dira. 

Aparkaleku moldaketak eta gehikuntza

Lau dira burutu diren moldaketa edo kokapen berriak. Lazkaotik datorren bidegorriak Zaldizurretako biribilgunearekin bat egiten duen tokian, Txindoki institutura doazen ikasleen bizikleta pilaketa ematen da eta errepide ondoko hesira lotuta uzten zituzten. Honi konponbidea emanez, 32 bizikletentzako aparkalekua osatu da.

Iturralde plaza beste toki estrategikoa da bizikletak uzteko. Udaletxetik eta plazatik gertu dagoenez, Iturralde plaza berari zerbitzua emateaz gain Udaletxe ingurura gerturatzen direnei ere zerbitzua emango die bertan jarri diren lau moduloko bi aparkalekuek, guztira 16 plaza.

Barrendain plaza, Renferen geltokian, aparkaleku gabezia atzeman zen. Eguna joan eguna etorri beteta egoten ziren. Trena ere garraio publiko gisa mugikortasun jasangarrirako baliotsua dela kontutan izanda, gune hau indartu da 16 bizikletentzako tokiarekin.

Igartzako Monumentu Multzoa eta bere ingurua jendea biltzeko leku garrantzitsua da. Ezkiaga auzotik edo herrigunetik bertara joateko bidegorriak bertara eramaten dituenez txirrindulariak, hemengo aparkaleku gabeziari konponbidea eman zaio eta Zapatari kalearen bidegurutzean beste 8ko aparkaleku bat kokatu da. 

Aparkaleku berri hauekin batera aipatu, plazakoa handitu dela beste 8rekin eta liburutegiaren sarreran patineteentzako egokia den beste bat jarri dela. 

Esku hartze honekin beste urrats bat eman da aipatutako helburuan baina etengabeko hobekuntzaren baitan bizikleten aparkalekuen beharrek esango dute aurrerantzean non eta zenbat gehiago jarri behar diren. 

aparcabicis 20220218 3 aparcabicis 20220218 1