Udal gobernuak eskatuta, Aldundiko bide azpiegituretako arduradunak Zaldizurreta kaleko bizilagunei azalpenak emateko bilera egin zuten 

N-1etik jasaten duten zaratari aurre egiteko, Aldundiak pantaila akustikoak jartzeko lanak hasiko ditu urtea amaitu aurretik

Beasaingo Udalaren eskaerari erantzunez, Foru Aldundiko bide eta azpiegitura departamentuko arduradunak izan ziren Beasainen asteartean. Bileraren helburua, N-1 errepideak sortzen duen zarata gutxitzeko pantailak jartzeko proiektuaren xehetasunak Zaldizurreta kaleko bizilagunei azaltzea izan zen. 

Bide azpiegituretako zuzendariak, zerbitzu buruak eta teknikariak emandako azalpenen arabera, pantailak jartzeko baldintzak ez dira errazak. Trenbidearen gertutasuna dela eta egoera oso berezian lan egin beharko da. Adif-ek ezarritako baldintzen arabera, trenbideari eragin diezaiokenagatik, lanak gauez eta egunean lau orduz soilik egin daitezke. Hori horrela, lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 1.079.847,94 euro da, % 21eko BEZa barne, eta lana burutzeko epea hamar hilabete.           

Proiektuaren arabera, funtsean, N-1 errepideko Gasteizko norantzan, Agauntza ibaiaren gaineko egituraren amaieratik xurgatzaile bikoitzeko pantaila akustiko metalikoak jarriko dira, Beasainera doan irteerako etxebizitzen eremuraino (Zaldizurreta 4-6); guztira 328 metroko luzera. Pantailen altuera 3,50 m-koa izango da luzera osoan, muturretan izan ezik, horietan 2,5 m-koa izango baita. 

Era berean, ibilgailuei eusteko, pantailen gaineko inpaktua saihesteko eta istripurik gertatuz gero trenbideak ez inbaditzeko, metalezko bionden ordez aurrez fabrikatutako hormigoizko hesiak jartzea aurreikusi da, eta horiek luzatu egingo dira lotunearen irteera-adarraren ondoko urbanizazioa babesteko (Zaldizurreta 4-6). Idatzi den proiektua printzipioz ontzat eman ondoren, jendaurrean ikusgai jarri behar da alegazio eta ekarpenak jasotzeko.   

Udalaren bitartekaritza lana

N-1 errepidearen zaratekin hainbat besaindarrrek dituzten arazoak direla eta,  udal gobernu taldea kalte hori jasaten duten bizilagunekin bildu da hainbatetan. Gaia Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegitura Departamentuaren eskumenekoa denez, udal ordezkariak departamentuko diputatuarekin, Aintzane Oiarbiderekin, jarri ziren harremanetan arazoaren berri emateko, Aldundiak irtenbideak azter zitzan.

Ordurako, bai Udalak eta bai Bide Azpiegitura departamentuak egindako zaraten maparen diagnostikoan atzeman zituzten Beasainen zaratek kalte gehien eragiten zituzten lekuak. Horrela N-1 errepideak Zaldizurreta eta Trenbide kaleko bizilagunei sortzen dizkien zaraten arazoen berri eman zien Foru Aldundiko Bide Azpiegitura Departamentuko arduradunei. 

Azterketa posible guztiak egin ostean, Trenbide kaleko bizilagunek jasaten duten zaratari aurre egiteko, Gruas Usabiagatik  Zumadi Industrigunera joateko irteera bitartean dauden 288 metrotan zarata gutxitzeko pantailak jarri ziren 2018an. Zaldizurreta kalearen kasuan, departamenduko zuzendariak eta saileko teknikariak zarata murrizteko pantailak jartzeko zailtasun teknikoen berri eman zieten bizilagunei urte hartan baina irtenbide eraginkorrak aztertzen jarraitzeko konpromisoa berretsi zuten.

Konpromiso haren ondotik gauzatu da Zaldizurreta kaleko bizilagunei N-1 errepideko zarata gutxitzeko pantaila akustikoen oraingo proiektua. Honela, herritarren bizi kalitatea hobetuko duten ekintzak aurrera eramateko helburuari eutsiko dio orain arte bezala Udal gobernuak eta gertutasunetik modu zuzenean beharrezkoak diren azalpenak emateko konpromisoa ere bai.  

Pantailak marra gorriaPantailak marra gorrian kokatuko dira