Ondo bidean, udan zerbitzua martxan jartzeko asmoa adierazi dute arduradunek

Ibilgailuen Azterketa Teknikoa burutzeko azpiegitura kokatuko den eremuan hasita daude eraikuntza lanak. Iturralde txikiko lursailean kokatuko da Beasainen IAT zerbitzugunea eta zerbitzua emateaz arduratuko diren ordezkarien arabera udan irekita egongo dela espero dute.

Egunotan hasi dira dagoeneko eraikina izango denaren orubea egokitzen. Lurrak mugitzeko eta zimendatzeko hondeamakinak eta zapalgailuak dira lehenik Iturralde txikiko lursaila prestatzen hasi direnak. 

Joan den udan kokapena ikuskatzen egon ziren Leire Artola alkatea, Adur Ugartemendia alkateorde eta Lurraldea saileko burua, Iñaki Aldekogarai Eusko Jaurlaritzako ekonomiaren garapena, jasangarritasuna eta ingurumena saileko zerbitzu zuzendaria eta IAT zerbitzua eskaintzeaz arduratuko diren Grupo ITEVELESA enpresako ordezkariak. Orduan hiru aldeek urte beteko epean zerbitzua abian jartzeko asmoa erakutsi zuten eta hala betetzea espero dute. 

Eskaera handiko zerbitzua

Udal gobernuak 2016an hasi zituen zerbitzu hori Beasainen kokatzeko gestioak. Egun eskaera handia duen zerbitzu bat ezartzeko beste urrats bat ematea lortu da, eta hori udalerriaren eta eskualdearen onerako izango da. Hurbiltasunarekin eta erosotasunarekin batera, tokiko eta eskualdeko jarduera ekonomikoarentzat onuragarria eta pizgarria izatea espero da.

Ibilgailuen Azterketa Teknikoa (IAT) egiteko zerbitzua emango duen pabiloia Korosti enpresaren eta Sasietako Mankomunitatearen artean dagoen Iturralde txiki izeneko 5.300 metro karratu inguruko orubea da. Udalak lur sailaren lagapena doan utzi du baldin eta jarduerari dagozkion baldintzak betetzen badira.

ITV lanak hasiera 4