La Salle ikastetxeko ormaren pintaketa akupuntura urbanoaren filosofiari jarraituz egindako hobekuntza izan da

Xabier Anuntzibai eta Imanol Aizpuru margolari beasaindarrak izan dira egileak

Beasaingo Udalak esku hartze xumeekin ere espazioen berreskurapena eta egokitzapena lortzeko helburuari helduz, lan artistiko berri bat burutu berri du.

San Inazio kalean izan da oraingoan. Guneari nortasuna, bizitasuna eta era berean ikusgarritasuna emate aldera egindako lana izan da. Horma itsu eta koloregabeari izate bat eman asmoz, Udalak margolan baterako toki aproposa zela iritzi zuen eta La Salle ikastetxearen baimenaz horma margotzeko erabakia hartu zen. Horretarako eginkizun hauetan aditu eta iaio diren herriko bi margolari ezagunei eman zitzaien lan hau egiteko agindua; Xabier Anuntzibairi eta Imanol Aizpururi.

Lana burutzeko bi egun behar izan dituzte eta ekainaren 26an hasi eta 28rako amaitu zuten. Irudien forma geometrikoak eta borobilak koloreekin batera argi adierazten dute egileen estilo ezaguna.

San Inazio kalearen biziberritzea, txukuntzea eta atontzea helburu duen lana izan da margolan hau eta kale honetan egin litezken beste esku hartze batzuen atarikoa izan da.