Egun bat lehenago, udal agintariak bizilagunen ordezkariekin eta inguruko merkatariekin bilduko dira lanei eta hauen xehetasunei buruz informatzeko

Astearteroko azokan jartzen diren postuak hasera batean zeuden lekura itzuliko dira lanek irauten duten bitartean, alegia frontoi txikiaren atzealdeko ibilbidera

Azkenean, abuztuaren 2an hasiko dira Erauskin plaza birmoldatzeko lanak. Lanen hasiera aurreratu egiten da beraz abuztu hasierara. Halaxe erabaki zuten udal agintariek lanak egingo dituen enpresako arduradunekin egindako azken bileren ostean. Hori horrela, udal gobernuko ordezkariak bilera batera deitu dituzte eremu horretako bizilagunen ordezkariak eta merkatariak lanak nola burutuko diren informatzeko. Bilera hau abuztuaren 1ean egingo da arratsaldeko 15:30tan udaletxeko areto nagusian.

Lanen hasierak ekarriko duen aldaketa nagusia trafikoari eragingo diona izango da. Hargatik, Nafarroa etorbidera heltzeko sarbidea aldatu egingo da. Bertako bizilagunak etxe zein garajeetara iristeko Barrendain plazatik sartu beharko dira eta irteteko Erauskin plazatik Oriamendi kalera jo beharko dute. Oraingo norabidearen alderantzizkoa.

Erauskin plazako eremua oinezkoentzako eremua bihurtuko da birmoldaketa lanekin. Egun oinezkoentzako diren Nafarroa etorbidea eta Kale Nagusia lotuko ditu udalerriko ardatz nagusiena guztiz oinezkoentzako eginez. Ibilgailuen aurretik pertsonak izango dute lehentasuna eremu berri honetan eta herriko topagune nagusietako bat izango da, atsegina, segurua eta irisgarriagoa. Lan hauekin, eremu hau biziberritu nahi da merkataritzari bultzada handi bat emateko eta honela herritarren bizi kalitatea hobetzeko.

Lanak Altuna y Uria enpresak burutuko ditu. Aurrekontua 557.927,27 (+BEZ) eurokoa izango da eta egikaritze epea bost hilabetekoa.

Azokako postuak frontoiaren atzealdeko ibilbidean

Lanak hastearekin batera eta hauek irauten duten bitartean, astearteroko azokan jartzen diren postuak duela urte bete zeuden leku berberera itzuliko dira, alegia frontoiaren atze aldeko pasabidera. Beraz abuztuaren 7an toki honetan postuen kokalekuak zein izango diren margotuta adieraziko dira.