Udalaren eta udalerriaren isuriak murrizteko neurriak zehaztuko dira klima-aldaketaren eraginei aurrea hartzeko

Klima Aldaketa eta Energia Jasangarrirako Planaren saio hau apirilaren 18an ospatuko da, 18:00etatik 19:00etara udaletxean

Beasaingo Udalak Klima Aldaketa eta Energia Jasangarrirako Plana prestatzeko lanketarekin aurrera jarraitzen du. Helburu nagusi argi hauekin, 2030erako berotegi-efektuko gasen isuriak %55 murriztea eta udalerria klima-aldaketaren inpaktuetara egokitzea.

Plan honen prestakuntza herritarren parte hartzearekin burutzen ari da Udala eta orain arte egindako lana ezagutarazteaz gain, klima aldaketari aurre egiteko Beasainen egin daitezken ekintzak proposatzeko saio irekia antolatu da apirilaren 18an arratsaldeko 18:00etatik 19:00etara udaletxeko sarrerako bilera gelan. Bertan, ondorengo gako hauei erantzunak ematen saiatuko dira; ze neurri proposatu daitezke mugikortasunari eta garraioari lotutako CO2 isuriak murrizteko? Udalerriko zein espazio zehatz berdetu edo birnaturalizatu daitezke? Halaber, itzalgune gehiago behar diren ere aztertuko da. 

Lehenengo fasean diagnostiko bat egin zen abiapuntua zein den jakiteko eta jarduera-eremu nagusiak identifikatzeko. Besteak beste, udal-eraikinen energia-kontsumoak, argiteria publikoarenak edo etxeetako energia-kontsumoaren bilakaera aztertu dira. Gainera, klima-aldagai ezberdinak eta Beasainek mende amaierarako izan ditzakeen proiekzio posibleak isladatu ziren.

Honek guztiak bigarren faserako abiapuntu gisa balio du. Bigarren fasean, batetik, udalerriaren eta udalaren isuriak murrizteko neurriak zehaztuko dira, eta, bestetik, bero-boladek, prezipitazio handiek edo lehorte-aldien luzapenak Beasaingo herritarren osasunean eta udalerri osoan izango duten eraginari aurrea hartzeko eta arintzeko.