Udalerrian erroldatu berri direnei harrera ekitaldia egingo die martxoaren 11n udaletxeko batzar aretoan gida aurkezteko

Hainbat hizkuntzatan udalerriko oinarrizko zerbitzuen berri ematen duen Ongi etorri gida aurkeztuko da  

Beasainera bizitzera etorri edo etorkizun batean herriko bizilagun bihurtuko direnei zuzendutako Ongi etorri gida prestatu du Beasaingo Udalak. Honen berri emateko, harrera eta ongi etorri saioa egingo da martxoaren 11n goizeko 11:30ean udaletxeko batzar aretoan.

Handitzen doa pixkanaka besaindarren kopurua. Herrian bertan jaioak batzuk, eskualdeko edo lurraldeko beste herriren batetik, edo itsasoz bestaldetik etorrita erroldatu direnak besteak. Hau dela eta azken 6 hilabeteetan Beasainen erroldatu direnei deia zabaldu zaie prestatu den etorri ekitaldira etortzeko. Dena den, epe horretatik kanpo ere Beasainera bizitzera etorritako edonor ere gonbidatua dago. 

Udal zerbitzuen oinarrizko informazioa

Ongi etorri gida izena jarri diote argitalpen honi, eta munduko beste lekuren batetik Beasainera etorritako pertsona horiei guztiei ongi etorria emateaz gain, herriko informazioa eskaintzea du helburu. Beasainera etortzen direnei erraztasuna ematea da asmoa, baita eskura dituzten baliabideak eskaintzea ere.

Bost hizkuntzatan eskuratu ahal izango da gida hau: euskaraz, gaztelaniaz,ingelesez, frantzesez eta arabieraz. Batez ere, erroldatu berri diren pertsonentzako prestatu da gida hau, baina edonork eskuratu ahal izango du. Printzipioz, udaletxeko Igunean eskuratu ahal izango da.

Gidaren aurkezpenarekin lotuta, Beasaingo alkateak Leire Artolak, Beasainera etorri berriei ongi etorria egin eta Udal zerbitzuen eskaintza, prestutasuna eta gertutasuna azaltzeko aukera baliatuko du eta ondoren luntx txiki bat eskainiko zaie bertaratuei. 

Nahiz eta azken 6 hilabeteetan erroldatu diren herritarrei deituko zaien ekitaldi honen berri emateko, parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute 943-087663 telefonora deituta, edo Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbide elektronikora idatziz. Izena emango duten lagunen arabera egokituko da ekitaldia.