Gaia ardatz hartuta lana bideo formatuan aurkeztu behar da, baina bertan agertuko den grabaketan edozein sorkuntza mota agertu ahal izango da. Parte hartzeko izen ematea azaroaren 24a arte egongo da zabalik

Aurten, Beasaingo Udalak azaroaren 25aren inguruan antolatu dituen sentsibilizazio ekintzen artean, Beasaingo herritar guztiei zuzendutako lehiaketa antolatu da. Dagoeneko lehiaketan parte hartzeko izen ematea zabalik dago; parte hartzeko azken eguna azaroaren 24a izango da. Lehiaketaren gaia:  Emakumeen aurkako indarkeriak: zer egiten dut indarkeria matxistei aurre egiteko? da.

Gaia ardatz hartuta lana bideo formatuan aurkeztu behar da, baina bertan agertuko den grabaketan edozein sorkuntza mota agertu ahal izango da. Adibidez, marrazkiak, eskulturak, argazkiak, bertsoak, idazkiak, irakurketak, dantzak, antzerkiak etab.

Bideoak gutxienez 3 segunduko iraupena izan beharko du eta gehienez 300 segundukoa (5 minutu) eta banaka edo taldeka parte hartu ahal izango dute NANaren arabera Gipuzkoako Goierri eskualdeko herri batean erroldatuta dauden edozein adinetako  biztanleek, baina adin txikikoak izatekotan adin nagusiko arduradun bat izan beharko dute.

Sariei dagokienez, puntu gehien lortzen dituen lanetik hasita hurrenez hurren Beasaingo saltoki txikietan gastatzeko 200€, 150€ko eta 100€ko bonoak banatuko dira. Lehiaketari buruzko informazio gehiago eta parte hartzeko esteka .

Azaroaren 25a, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako eguna 

Egunerokotasunean emakumeek indarkeria psikologikoa, sexuala, ekonomikoa nahiz fisikoa pairatzen dute hainbat intentsitatetan. Kasu askotan, egoera hori erailketaraino iristen da, gizarte antolamendu patriarkalaren ondorio zuzen gisa. Beasaingo emakumeak ez dira salbuespena

Indarkeria matxista arazo konplexua da eta hori konpontzeko erantzun integralak behar dira. Urtean zehar hainbat prebentzio programa eta kanpaina garatzen dira, baina morez markatutako eguna azaroaren 25a izaten da, non herritarrak, mugimendu feministak zein administrazio erakundeek bat egiten duten, eta ahotsa altxatzen duten errealitate gordin honen aurka.