Herrilab3B laborategiak egindako ikasturte amaierako balantzean, ordea, adierazi dute oraindik “bide luzea” dagoela egiteko berdintasunerantz; esperientzia garatu duten ikastetxeek dinamika horri eutsiko diote datorren ikasturtean

Urrian Beasain Berdinasunean Bizi Eguna antolatuko dute. Jardunaldi horretan, herriko hainbat eragileren parte-hartzearekin, berdintasunaren aldeko konpromisoak hartzen jarraitzeko beharraz sentsibilizatzen saiatuko dira

Beasaingo Herrilab3B laborategiak –kontziliazio erantzukidea bultzatzekoak– talde eragilearen bilera bat egin du, eta udalerrian berdintasuna eta kontziliazio erantzukidea sustatzeko 2022an abian jarritako proiektu pilotuak berrikusi dira. Esperimentazio aktiboaren bidez, sei hilabete hauetan ekintza praktiko eta positiboak garatzen dabiltza “udalerrian berdintasuna eragozten duten egiturazko joerak, estereotipoak, genero rolak eta ohiturak eraldatzeko”.

Ikasturtearen amaiera izanik, udalerriko hainbat eragile eta elkarterekin batera Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako laborategiak ikastaro honetan garatutako ekintza esperimentaletako batean jarri dute azpimarra. Hezkuntza komunitatearekin lankidetzan abiarazitako ekimen bat da. Genero rol tradizionalak hausteko eta aitek adingabeen zaintzan duten inplikazio maila handitzeko (bilera orokorretan eta jarraipenekoetan parte hartzea, etab.), ikastetxeek lehentasuna eman diote aitarekiko harremanari edozein gorabeheraren aurrean; hau da, seme edo alabarekin intzidentzia bat gertatu eta lehenengo deia beti aitari zuzendu zaio. Udalerriko bost ikastetxeetatik hiruk parte hartu dute ekintza pilotu honetan: Murumendi, Alkartasuna Lizeoa eta La Salle (azken horretan, Haur Hezkuntzako 5 urteko gelan eta Lanbide Heziketako 1. eta 2. mailetan).

Aipatutako eskoletan lortutako datuen arabera, ekintza horren ondorioz ikusi da aitek inplikazio handiagoa dutela seme-alaben intzidentzien kudeaketan. Hala eta guztiz ere, ikastetxeetatik nabarmentzen denez, “oraindik asko dago egiteko”; beraz, hurrengo ikasturtean ere dinamika hori aplikatzen jarraituko dute.

Jasotako datuen arabera, lehenengo deia aitari egin ondoren, kasuen % 67,5ean beraiek kudeatu dituzte gorabeherak (horrek ez du esan nahi aita semea edo alaba jasotzera joan denik, baizik eta egoera horri irtenbidea bilatzeaz arduratu dela). Neurri txikiagoan, % 22,5ek amari deitu diote egoera kudeatzeko eta % 10ek, berriz, hirugarren pertsona bati.

Hala ere, emakumeek gizonek baino harreman estuagoa izaten jarraitzen dute ikastetxearekin, batez ere ikasturtearen hasierako bileretan, non kasuen % 67n emakumeak baitira oraindik bilera pribatuetara joaten direnak, % 16n aitak eta % 17n biak. Tutoretza bilerei dagokienez, amak dira gehien parte hartzen dutenak (% 46,5); % 38n bi gurasoek parte hartzen dute, eta % 15en aitak bakarrik.

Oraindik bide luzea egin behar den arren, esperientzia baliagarria izan da aitak gerturatzeko eta ikastetxeekin eta haurren zaintzarekin duten inplikazioa areagotzeko. Esperientziak balio izan du, halaber, aitak arlo horretan inplikatzeak duen garrantziaz sentsibilizatzeko eta gogoeta egiteko. Bai ikastetxeek bai familiek positiboki baloratu dute esperientzia hori.

Berdintasunerako foru zuzendari Miren Elgarrestak parte hartu duten ikastetxeek egin duten ahalegina azpimarratu du eta, aurrerapausoak eman diren arren, berretsi egin du emakumeen eta gizonen berdintasunerako bidean oraindik ere asko dagoela egiteko. «Gaur egun, emakumeek beren gain hartzen dituzte, batez ere, lana eta seme-alabak zaintzeko erantzukizuna. Beharrezkoa da gizonek askoz gehiago inplikatzea esparru horretan, eta ikusten dugu dinamika eraldatzaileak aplikatuta eta hainbat eragile inplikatuta lor dezakegula», esan du.

Leire Artolak, Beasaingo alkateak, tokiko ikastetxeek alor honetan gizon eta emakumeen arteko erantzukizunen banaketa bultzatzeko ahaleginean izan duten inplikazioa eskertu eta baloratzeaz gain, aitek seme-alaben arretan inplikatzen jarraitzeko beharra azpimarratu du. “Aurrera egin dugu, baina inplikazio hori hasiberria da oraindik. Beasainen gero eta aita gehiago ikusten dira seme-alabak zaintzen, edozein egoeratan edo lekutan, eta hori funtsezkoa da hurrengo belaunaldiak kontzientziatzeko, adingabeen zaintzaren eta arretaren ardura modu naturalean banatu dadin”, gehitu du.

Esperientzia pilotuan parte hartu duten ikastetxeek aurreikusten dute hurrengo ikasturtean dinamika hori aplikatzen jarraitzea. Era berean, beharrezkotzat jotzen dute familiak ekintza ludikoen bidez sentsibilizatzen jarraitzea, ikastetxeek antolatzen dituzten jardueretan gutxien parte hartzen duten kolektiboetara iritsi ahal izateko.

Beasain Berdintasunean Bizi Eguna

Ildo horretan, Talde Motoreak azken topaketa horretan erabaki duen bezala, urrian Beasain Berdintasunean Bizi Eguna egingo da. Jardunaldi horretan, udalerrian kontziliazio erantzukidearen alde lan egiten duten hainbat eragilek parte hartuko dute, eta herritarrak sentsibilizatzen saiatuko da, dela berdintasunaren aldeko ekintzak sustatu beharraz, dela konpromisoak hartzen jarraitzeko premiari buruz.

2019an Herrilab proiektua aurkeztu zitzaien herritarrei. Ekimen horren bidez, Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak batera bultzatuta, Beasain esperimentazio laborategi bihurtu da hanezkero, kontziliazio erantzukidea hobetzeko, tokiko eragileen eta herritarren inplikazioarekin. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna modu adierazgarri eta jasangarrian sustatzeko ekintza bateratuak diseinatu, probatu eta inplementatzea du helburu. Esperientzia aitzindari horretatik eratorritako ezagutzak berdintasun eta kontziliazio politiketarako erabiliko dira, eta, aldi berean, eredu izango dira lurraldeko beste udalerri eta eskualde batzuetan antzeko esperientziak garatzeko.

Ekintza pilotuak

Gainerako ekintza esperimentalei dagokienez, Beasaingo merkataritzak Gipuzkoan eta Euskadi osoan ordutegiak arrazionalizatzeko esperientzia pilotu bat egin zuen otsailean. Ekimen honi atxikitako 34 saltokiek arratsaldeko ordutegia egokitu zuten, 16:00etatik 19:00etara. Gogorarazi behar da Beasaingo biztanleek oso balorazio positiboa egin zutela ekintzari buruz: % 80k baino gehiagok uste izan zuen egokia zela aurrerapen bat probatzea itxierako ordu-tartean; hamarretik bederatzi, berriz, ekimena osorik edo zati batean zabaltzearen alde agertu ziren –urte osoan, hilabete jakin batzuetan edo urteko egun batzuetan–. Proba pilotuan parte hartu zuten merkatariek 4,3ko batez besteko nota eman diote 1etik 5erako eskalan.

Azkenik, enpresa eta lan munduari dagokionez, seme-alaben oporraldian familien kontziliazio erantzukidearen errealitatea aztertu da, ikastetxeekin eta udalerrian kokatutako bi enpresarekin lankidetzan. Egindako azterketaren bidez, egiaztatu da Beasaingo emakumeen artean oraindik ere lanaldi hirukoitzak daudela (lana, etxeko lana/zaintza eta lan emozionala edo karga mentala), emakumeek hartzen baitute neurri handiagoan beren gain udako oporraldian adingabeak zaintzeko familia-antolamenduaren ardura.

Azterlan honetan parte hartu duten emakume langileen % 2,8k soilik erantzun du bikotekidea arduratzen dela zaintza horiez. Hiru bide nagusi erabiltzen dituzte emakumeek udan lana eta familia uztartzeko premiei aurre egiteko: a) hainbat erakundek antolatutako jardueretara joatea adingabeak (% 31,1); b) bikotekidearekin, senideekin eta hurbilekoekin zaintza partekatzea (% 22,6); c) familia-laguntzara jotzea, batez ere aitona-amonengana (% 21,7).

Talde eragilearen azken bileran, Foru Aldundiaz eta Beasaingo Udalaz gain, Asmube Emakumeen Elkarteak, Murumendi Ikastetxeak, Murumari IGE-AMPAk, Goiekik, CAFek, BKL kirol elkarteak eta beasaindar merkataritzako ordezkariek parte hartu dute.

Herrilab3B itzulera bilera 20220620 28 web

Herrilab3B itzulera bilera 20220620 2