Beasaingo Udalak, LGTBIQ kolektiboaren errealitatea ikusarazteko eta pertsonen arteko errespetuzko harremanak sustatzeko helburupean aurkeztu du bosgarren Trans zikloaren egitaraua

Ongizate orokorra eremu eta kolektibo guztietara zabalduz genero aniztasunaren egungo errealitateari erreparatzea eta honen aldeko sentsibilizazioan lanean jarraitzea udal gobernuaren ardura bada. Horren baitan kokatzen da urtez urteko Trans zikloaren antolaketa. Hargatik gaur, bosgarren edizioa aurkeztu dute udal ordezkariek udaletxean. Leire Artola alkatea eta Amets Arrospide berdintasun zinegotzia izan dira xehetasunak ematen.

Alkateak aurkezpenean adierazi duenez, pertsonak helburu hartuta, trans kolektiboaren errealitatea eta egoera ikustarazi eta honen aldeko sentsibilizazioan eta aitortzan pausoak ematen jarraitu behar da. Bizikidetza oinarri hartuta, elkarrekiko errespetuzko harremanak sustatu eta genero edo sexuzko diskriminazio mota guztiak albo batera utzi behar dira. Horren barne emakumea subjetu gisa hartuta eta berdin egiturazko beste diskriminazo-iturri batzuetatik datozenak (klase sozialagatik, jatorri kulturalagatik, aniztasun funtzionalagatik, eta abar). 

Beasaingo Udalaren eginkizuna eta konpromisoa ziklo hau sortu zuenetik mantentzen da eta horrela jarraitzen du edizio honetan ere. 2017an jarri zen abian Trans zikloa LGTBIQ kolektiboak jasaten duen diskriminazioa ikusarazteko eta herriko hainbat eragileei esker Trans zikloa jarri zen abian.Ordutik hona hainbat ekintza garatu izan dira Trans zikloaren baitan (hitzaldiak, kontzertuak, liburu aurkezpenak, dokumentalak,…) Beasaingo herritarren parte hartze aktiboarekin kontatuz.

Horretaz gain, alkateak erantsi du baliabide ezberdinak eskaintzen zaizkiela Beasaingo herritarrei prebentzio mailan LGTBIQ ikuspegia udal politiketan txertatzen jarraituz: aurkeztutako Trans zikloaz gain, Beasain parekide buletinak, hitzaldiak eta abar. 

Bosgarren edizioa 

Amets Arrospide berdintasun zinegotziak hartu du hitza ondoren egitarauaren xehetasunak agertzeko. Egutegian bi data esanguratsuren artean kokatu dira egitarauko ekitaldiak; maiatzaren 17a, LGTBIQ fobiaren aurkako eguna eta ekainaren 28a, LGTBIQ pertsonen eskubideen nazioarteko eguna. Loinatz jaiak tartean izan direnez, bihar bertan izango da antolatu diren hiru ekitaldi nagusietako lehena. 

Ekainaren 10ean,  Zarata proiektua. Proposamen artistiko berritzaile batekin dator Hodei Arrastoa aktore eta sortzaile zizurkildarra. LGBTIQ+ kolektiboaren inguruko audiogida bat sortu du, eta bertaratzen denak, bere mugikorra eta aurikularrak eraman beharko ditu, horrela, audio bat entzunez, ibilbide bat egiteko aukera izango du espazio baten barrena. 16:00etan zabalduko dituzte Igartzako 1. solairuko ateak eta 20:00ak bitarte izango da espazioa zabalik. Tarte horretan, Igartzara edozein momentutan sartu ahalko da esperientziaz gozatu nahi duen edozein. Bakarka entzuteko audio bat da, QR kode bidez entzun daitekeena, beraz, aretoa zabalik dagoen edozein momentutan egin ahalko da entzumenean oinarritutako ibilbidea, bakoitzak bere erritmoan.

Euskaraz zein gaztelaniaz, bi hizkuntzatan prestatutako 40 minutu inguru irauten duen audioa da, kolektiboaren inguruko hamar istorio ezberdin kontatzen dira eta Igartzan zehar, hamar gune ezberdin kokatuko dira; gune bakoitzean estimulu bisualen batekin egingo du topo entzuleak, eta istorio hori eremu horretan entzuteko jarraibideak izango ditu. Horrela, Igartzan zehar ibilbide bat osatuko da. Ikusteko elementu batzuk egongo diren arren, entzumenari eman zaio lehentasuna: “esatekoa belarrira esango zaio entzuleari, audio bidez, eta horri gehituko zaion informazioa izango da ikusiko dena". Hamar istorio, eta, bakoitza, kolektiboaren parte diren bederatzi euskal aktoreren eta musikari baten ahotsetik kontatua izango da. Proiektuaren ahotsak dira Telmo Irureta, Luix Mitxelena, Nahia Sillero, Xanti Agirrezabala, Sambou Diaby, Maider Lasa, Kimetz Renteria, Garazi Urkola, Irene Mujika eta Asier Rikarte. Soinu teknikaria Jon Fernandez da eta diseinatzaile grafikoa Aharon Ferradas.

Haurrentzako ikuskizuna

Ekainak 17, Gernika pasealekuko frontoian 17:30ean, Meri, Mari eta Lari ikuskizuna. Sexu eta genero askatasuna aldarrikatzeko asmoz, haurrentzako ikuskizuna prestatu dute Maria Urzelaik eta Yogurinha Borovak. Lari, jaiotzear dagoen haurra, da antzezlanaren abiapuntua; Meri amaren sabelean ernaltzen ari den gorputza. Haurdunaldi garaian, Mari laguna hurbilduko zaio Meriri, Yogurinha Borovak hezurmamituta. Galderak egiten hasiko da adiskidea: «Zer izango da? Mutila ala neska?». Galdera itxi horiek oinarri hartuta garatu dute bi pertsonaiek kontakizuna. Haurrei aukera aniztasunen berri eman nahi diete, identitatea norberak aukeratu eta erabaki beharreko zerbait dela iradokiz; eta ez emana datorrena.

Antzezlana eta irakurketarako gida

Ekainaren 24an, 20:30ean Usurbe antzokian, Tarara antzezlana. SGAEren I. Ana Diosdado saria. Euskarara Arantxa Iturbe idazleak ekarria. SanFran, Bilbo, 70eko hamarkadan: kolore guztiak, maitasuna eta izua esnatzen dira gauez hango kaleetan. Bertan bizi dira alabarik gabeko ama, amarik gabeko alaba eta amarena egiten duen prostituta. Auzoan ezer ez da berdina izan hirurek topo egin zutenetik.

Hitzaurre modura, honela hasten da Tarararen liburua: 2018ko uztailaren 18an Osasunaren mundu erakundeak onartu zuen, azkenean, Tarara ez zegoela zoratuta. Sexu batetik bestera, helmuga zehatzez edo gabe doazen edo dauden milaka pertsonek ez dutela gaitzik edo desorekarik. Beti izan direla tararak, Jainkoak amorrarazi eta bi sexu eta bi mundu eta bi sugeren artean bedeinkatua izan zen Tiresiasen garaitik. Tiresias askoren istoriotako bat da hau. Hizkuntzaz hizkuntza eta kantuz kantu ibili, txikienen txistuak jaso eta zaharrenen madarikazioen artean ibili eta gauaren eta honen ezpaten artean alderrai ibiltzera zigortutako Tiresiasena.

Guzti honekin batera, Beasaingo bibliotekan topatu daitezken hainbat liburuekin batera Irakurketa gida osatu da herrian dauden irakurle taldeei zein norbanakokoei irakurketak aukeratzen laguntzeko.

Antolatzaile zein udal ordezkariek, herritarrak ekitaldietan parte hartzera gonbidatzen dituzte. 

1