Loinatz jaien ondoren, jaurtitako zaborrak biltzeko parte hartzea ireki du Udalak. Ostegun honetan arratsaldeko 17:00etan Arana kalean da hitzordu eta eta izena eman beharko da galdetegi bitartez

Bai aurretik eta bereziki Loinatz jaiek utzitako festa-ajearen  ondorioz, herriguneko ibaiaren arroan zabor eta hondakinak pilatu dira eta beharrezkoa da garbitzea. Mozorro egunean jaimak jarri zituzten gazteekin hartutako konpromisoaz gain erreka garbitzeko deialdi irekia egin du Udalak.  Hartara, garbiketa burutzeko eguna eta ordua finkatu dira: ostegunean, ekainak 9, arratsaldeko 17:00etan Arana kalean. Antolaketa egokia burutu ahal izateko eta garbiketa lana baldintza egokietan egiteko, parte hartu nahi duen orok izena eman beharko du galdetegi hau betez. 

Batik bat, Udalerriaren erdigunean egingo da garbiketa, hain zuzen ere Zaldizurretako biribilgunearen eta Gipuzkoa plazako zubiaren arteko ibai-bidean. 

Herritarren ardurari deia

Herria txukun mantendu eta natur ondarea babestea ezinbestekoa da Udalarentzat herria eta herritarren ongizatean eragin zuzena duelako. Ibaiko landarediaren mantenua bere gain hartzen du Udalak baita garbitasunaren ardura ere eta honela ingurumena zaindu eta etorkizuneko Beasain eraiki eta babesteko konpromisoari eusten dio. Gogorarazi behar da ura oinarrizko bizi-ondasun bat dela, gure mendeko ekosistemak sostengatzen dituena eta gure ongizaterako zaindu eta kudeatu behar duguna. Ibaiak ur inguruneak dira eta hauen babesa eta kontserbazioak eragin zuzena du gugan. 

Hortaz, aldiro biltzen den zabor kopurua kontutan izanik, Udalak herritarrak arazo honetaz sentsibilizatzen jarraitu nahi ditu bide batez.