Bezero berriak erakartzeko eta iada direnak fidelizatzeko erosketetan deskontuak egingo dituzte zenbait ekoizlek

Tailerraren atalean baratze ekologiko bat nola antolatu erakutsiko du Josetxo Mendia ekoizleak

Maiatzaren 7ko azoka bereziaren bueltan nobedade dezente izango dira. Bat iada erabilgarri dagoen erosketak jasotzeko gordailua da. Izan ere, azokako bezeroek plaza azpian jarritako armairuak erabiltzeko aukera izango dute. Baliabide honen bidez azokako bezeroek azokako erosketak noiznahi jasotzeko aukera izango dute. Ekoizle edo saltzailearekin erosketak egin eta gordailu honetako kutxatilan jaso ahal izango dira nahi izanez gero azokako ordutegitik kanpo. Azokan erosketak egitea erraztea du helburu azpiegitura berri honek. 

Azokakide izateagatik deskontuak

Bestalde, azokako bezeroen artean fidelizazioa sustatu nahian azokako zenbait ekoizlek erosketak sarituko dituzte. Hamar euroko gastua egiten den bakoitzean, zigilua jarriko dute banatutako txartelean eta ehun euroko gastua egitea iristean 5 euroko deskontua egingo diote bezeroari erosketan. Honela beraz, Beasaingo azokakidea egiteak onurak izango ditu.

Baratze ekologikoari buruzko hitzaldia

Baratze ekologikoa nola antolatu jakiteko gai hauen inguruan jardungo da Josetxo: lurraren ezagutza, landaketa eta ereite egutegia, ohiko gaitzei aurre egiteko tratamenduak eta lurraren osasunari buruz errotazioak noiz eta nola egin erakutsiko du.

San Martin plaza azpian bildutako postuetan neguko barazkiak protagonista izaten jarraituko dute: aza, brokolia, azelga, baratxuri freskoa. Berrien artean, baba, ilarra eta tipulina ere erosi ahalko dira azokan. Barazkiez gain, gogoratu beste produktu batzuk eskuratzeko aukera badela: eztia, ogia, loreak eta landareak, tartak eta gailetak, gazta, txerrikia eta haziak. Ahaztu gabe artisau erara egindako poltsak, lepokoak, umeentzako adur-zapiak eta abar saltzen dituen postu bat ere ba dagoela. Beraz, poltsa bete produktuz etxera joateko moduko azoka izango da. 

Egitaraua hau izango da:

  • 10:00 Bertako produktuen azokaren hasiera.  
  • 11:30 “Baratze ekologiko baten plangintza” hitzaldia Josetxo Mendia ekoizlearen eskutik.
  • 12:00 Loinatz Musika Eskolako trikitilariek eta pandero joleek azoka girotuko dute           
  • 13:30 Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa azokan erosketak egindakoen artean.   Bestalde, Igartzan bisita gidatua egiteko 2 sarrera ere emango dira saski bakoitzarekin batera.     
  • 14:00 Bertako produktuen azokaren amaiera.

Hileko lehen larunbateko azoka berezia duela bost urte  Udal gobernuak martxan jarritako egitasmoa da eta honen helburua, bertako ekoizleen eta baserritarren lana balioan jartzea eta garaian garaiko produktuen kontsumoa areagotzea ez ezik, kontsumitzaileak azokara erakartzea ere bada.