Otsailean herriko kaleetan egindako inkestaren arabera, herritarren % 80k baino gehiagok uste du egokia dela ordutegi aldaketa bat probatzea; hamar lagunetik bederatzi ados egongo lirateke ekimena osorik edo zati batean hedatzearekin

Beasaingo biztanleek oso balorazio positiboa egin dute Beasaingo merkataritzak otsailean egin zuen ordutegi-arrazionalizazioaren esperientzia pilotuari buruz. Esperientzia hori aitzindaria izan da Euskadin, eta Herrilab3B Beasain Berdintasunean Bizi kontziliazio erantzunkideko laborategiaren esparruan egin da. Hala ondorioztatzen da joan den hilean udalerriko kaleetan egindako inkestatik; izan ere, herritarren % 80k baino gehiagok uste zuen egokia dela itxierako ordu-tartea aurreratzen probatzea, eta hamar lagunetik bederatzi ados agertu ziren ekimena osorik edo zati batean hedatzeko –urte osoan, hilabete jakin batzuetan edo urteko egun batzuetan–.

Beasaingo merkataritzak otsailaren 1etik 28ra egin zuen ordutegiak arrazionalizatzeko esperientzia pilotua. Ekimen horrekin bat egin zuten 34 saltokiek arratsaldeko ordutegia egokitu zuten, 16:00etatik 19:00etara. Bareak elkartearen babesletzaz gain, Solsona eta Cardonako (Katalunia) tokiko garapen agentziak eta bertako merkatarien elkarteak ere parte hartu dute, eta ordutegien aldaketako beren esperientzia partekatu dute Herrilab3B laborategiarekin.

Inkestako emaitzen (160 laguneko lagin bat egin zen –% 60 emakumeak, % 40 gizonak, adin desberdinetakoak–) lehenengo balorazioek adierazten dute beasaindarrek babes “zabala eta oso positiboa” eman diotela planteatutako ekintzari, eta horretan bat etorri dira, Martxoaren 8aren bezperan, Beasaingo Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia, ekimenaren sustatzaileak, Bareak merkatarien elkartearekin batera eta Herrilab3B laborategian inplikatutako gainerako gizarte entitateekin batera. Izan ere, elkarrizketatutako beasaindarren % 8k soilik adierazi zuen erreparorik planteatutako aldaketaren aurrean.

Esperientziaren pertzepzio baikorraren ildotik, kontsultatutako pertsonek diote (% 94) ez luketela “inolako arazorik” izango erosteko beren ohiturak egokitzeko, esperientzia hori etorkizunean hedatuko balitz. Era berean, 1etik 5era bitarteko eskala batean, batez beste 4,24 punturekin kalifikatu dute merkataritzako ordutegiak arrazionalizatzeko esperientzia pilotu hori.

Emakumeek egiten dituzte erosketak, gehienbat

Inkestaren beste datu adierazgarri bat da emakumeak direla, neurri handiago batean, erosketa nagusiak ohikotasunez egiten dituztenak: bakarrik erosten duten pertsonen % 78 emakumeak dira. Erosketak modu partekatuan egiten dituzten pertsonen artean, gizon gehiago daude; izan ere, erosketak modu partekatuan egiten dituzten pertsonen % 56 gizonak dira.

Datozen asteetan aztertuko dira sakontasunez datu horiek guztiak, neurtzeko halako neurri batek zer-nolako inpaktua duen herritarren bizitzan eta herri bizitzan, baita Beasaingo merkataritzan ere.

Herriko alkate Leire Artolak merkatari batzuen iritziak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan du azken asteotan eta jasotako iritziekin pozik agertu da. Beasaindarrek erosketa-ordutegian ohitura aldatzeko borondatean duten “ulermena eta inplikazioa” nabarmendu ditu bereziki, merkataritza-sektorean lan egiten duten pertsonen kontziliazioan ekarpenak egiteko borondatea erakusteko. “Herritar gehienen sintonia eta elkartasuna goraipatzekoa da, eta horrek guztion ongizatean eragiteko borondate ona erakusten du”, gaineratu du.

Aldundiko Berdintasuneko zuzendari Miren Elgarrestak gogoeta egin duenez, “herritarrek esperientzia pilotuari emandako erantzun positiboak berresten digu jarraitu beharra dagoela aurrera egiten kontziliazio erantzukiderantz eta egiazko berdintasunerantz, lankidetzaren bitartez prestatutako ekintza zehatzen bitartez, gaur egun dagoen errealitate desberdina eraldatzeko gaitasunarekin. Esperientziak eta eskuratutako ikaskuntzek erakusten digute zer norabideri jarraitu behar zaion etorkizunean. Nahi dugu herritar guztiek zaintzea beren lana, astialdia, familia eta, nork bere burua, eta berdintasunean zaintzea” azpimarratu du.

Herrilab3B, herriko eragileekin elkarlanean

2019an aurkeztu zuten herritarren aurrean Herrilab proiektu esperimentala, lankidetzazko gobernantzako Etorkizuna Eraikiz foru programaren esparruan aktibatua. Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean bultzatutako egitasmo horren bitartez, kontziliazio erantzunkidea hobetzeko esperimentazio laborategia da ordutik Beasain, herriko eragileen eta biztanleen inplikazioarekin. Guztiok elkarlanean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna era esanguratsu eta jasangarrian sustatzeko ekintzak diseinatu, probatu, eta ezartzea du helburu. Esperientzia aitzindari horretatik eratorritako ezagutzak berdintasun eta kontziliazio politiketarako baliatuko dira, eta aldi berean, eredu izango dira lurraldeko beste udalerri eta eskualdeetan antzeko esperientziak garatzeko.

Joan den urtarrilaren 13an onartu zuen laborategiko talde eragileak 2022ko ekintza plana. Udalaz eta Aldundiaz gain, sustatzaileen artean dira Asmube Emakumeen Elkartea, Oriako Lamiak, Murumendi ikastetxea, Goieki, In Group eta CAF enpresak, Bareak merkatarien elkartea eta BKL kirol taldea. Azken bi urteotan garatutako azterketa, jardunaldi eta lan-lerroei jarraipena emanez, datozen hilabeteetan hiru helburu nagusi bultzatuko ditu Herrilab 3Bk. Lehenik, herritarren sentsibilizazioa bultzatuko da, lanaren eta bizitza pertsonalaren kontziliazioak gure bizitzan duen garrantziaz ohartaraziz eta gizon-emakumeei ezartzen dizkiegun inpaktu desberdinak ikusaraziz. Bigarrenik, berriz, herritarrek eta eragileek egitasmo horretan duten parte-hartzea handitzea sustatuko da, eta, hirugarrenik, udalerrian abian jarriko dira kontziliazio erantzunkidea hobetzeko proiektu pilotuak.

Merkataritzan egindako esperientzia pilotuaz gain, bigarren esperientzia pilotua hezkuntza komunitatearekin elkarlanean gauzatzen ari da. Ohiko genero-rolak hautsi eta aitek adingabeen zaintzan duten inplikazio maila handitzeko asmoz –bilera orokorretan eta jarraipen bileretan parte hartzea, etab.–, ikastetxeak aitarekiko harremana lehenesten ari dira edozein gorabeheraren aurrean. Gaur egun, herriko bost ikastetxeetatik hiruk parte hartzen dute ekintza pilotu horretan: Murumendi, Alkartasuna Lizeoa, eta La Salle, azken kasu horretan Haur Hezkuntzako 5 urteko gelan eta Lanbide Heziketako 1. eta 2. mailetan. 2021-2022ko ikasturtearen amaieran, parte hartu duten hiru ikastetxeekin, esperientziak, ikaskuntzak eta zailtasunak partekatuko dira, eta ondorioak ikastetxeei eta familiei aurkeztuko zaizkie.

Azkenik, enpresa eta lan munduari dagokionez, seme-alaben oporraldi garaian familien kontziliazio erantzunkidea hobetzeko neurriak aztertzen ari dira, Goieki garapen agentziarekin elkarlanean. Izan ere, gurasoek garai horretan izaten dute zailtasun gehien arlo profesionala eta haurren zaintza bateragarri egiteko. Horretarako, enpresen eta langileen partaidetzarekin, ikerketa bat egingo da, eta herrian eskura dauden baliabideen hobekuntza proposamena landuko da.