Eusko Jaurlaritzarekin eta beste administrazio publiko batzuekin bezala, tasak, isunak, matrikulazioak eta bestelako ordainketak modu erraz eta seguruan egin daitezke

NireOrdainketa Wallet telefono mugikorreko diru-zorro digital bat da, ordainagiriaren barra-kodea edo QR kodea irakurriz erabiltzaileari ordainketak egiteko aukera ematen dio

Tasak, isunak, ziurtagiriak, matrikulazioak edota udalari egin beharreko bestelako ordainketak Bizum eta NireOrdainketa Wallet aplikazio mugikorraren bidez egin daitezke. Euskal administrazio publikoari bezala, udalari modu seguru, erraz eta jasangarrian ordaindu ahal izateko bi ordainbide horiek daude herritarren eskura. 

Edozein pertsonak edozein lekutatik eta edozein unetan egin ahal izango ditu ordainketak, joan-etorririk egin gabe, inongo leihatilatan agertu gabe eta zerbitzua irekitzeko eta ixteko ordutegien mende egon gabe. Bi kasuetan, sistema eroso eta eraginkorra da, herritarrentzat oso erabilgarria, eta bere gailu mugikorrarekin egindako eragiketa soil batean udalarekin eta administrazio publikoarekin izapide bat ebazten du.

Bizum bidezko ordainketa prozesua beste finantza erakunde batzuen txartel bidezko ordainketa eragiketa baten oso antzekoa da: lehenik ordainagiria identifikatzen da ordainketa pasabidean, gero finantza erakundea aukeratzen da eta, azkenik, dirua kargatuko zaion erabiltzailearen telefonoa sartzen da, gako bat sartu aurretik.

Bizum azken urteotan herritarren artean arrakasta izan duen ordainbide bat da, norbanakoen arteko transferentzietatik haratago hedatu dena. Pixkanaka-pixkanaka merkataritzaren eremuan ere zabaldu da, eta orain udaletan eta euskal administrazio publikoan. 

Bestalde, NireOrdainketa Wallet aplikazio bat da, herritarren ohiko ordainketak bideratzeko aukera ematen diena ordainketa pasabideari atxikitako euskal administrazio publikoei. Tresna honek ordainagiriaren barra-kodea edo QR kodea irakurriz ordaintzeko aukera ematen du. Telefono mugikorreko diru-zorro digital bat da, eta aukera ematen dio erabiltzaileari sistemari atxikitako euskal administrazio publiko batekin lotutako ohiko ordainketak eta noizbehinkako ordainketak modu seguruan egiteko. Erabiltzaileak erregistratu eta kreditu-txartel edo zordunketa txartel baten lotura prozesu bat baino ez du egin beharko, baina aurrerantzean ez du txartela berriro pasatu beharrik izango. 

Erraza eta azkarra da, nahikoa da sakelakoan botoi bat sakatzea, eta, ondorioz, ordaintzeko bide ezin hobea da, bai web orrian bai mugikorrean ohiko ordainketak egiteko.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak garatutako funtzionaltasun berri honekin, administrazioa Euskadiko herritarrengana hurbiltzeko bidean beste urrats bat ematen da, eguneroko izapideetan teknologia berriak txertatuz. Beasaingo Udalak bat egin du sistemarekin, eta zenbait udal tasa eta zerga ordaintzeko aukera eskaintzen du, baita bestelako ordainagiriak ere.