Udalak Bareak merkatari elkartearekin batera Beasainen erosketak egiteko aukeraren alde egiteko gabonetako kanpaina aurkeztu du 

Eguberri hauetan behar dugun guztia Beasaindik mugitu gabe erosi dezakegula azpimarratu nahi dute Bareak merkatari elkartekoek. Urte sasoi honetan erosketak egiteko “Zure aukera Beasain” lelopean, herritarren aukera Beasain izatea da helburua. Horregatik Udalak eta Bareak Beasaingo Merkatari Elkarteak datozen asteetan burutuko den Gabonetako kanpainaren baitan antolatutako ekimenen berri eman dute. Bi erakundeak elkarlanean Beasainen erosteko eta kontsumitzeko mezua zabaldu dute.

Udalaren izenean Leire Artola alkateak tokiko merkataritzarekin duen konpromisoari berretsiz, Beasainen erosteak duen garrantzia azpimarratu du. Tokiko ekonomia bultzatzea eta indartzea gobernu taldearen legegintzaldiko ardatz estrategikoetako bat den heinean, garrantzitsua da udalerriko saltokietan kontsumitzea. “Are gehiago Covid-19ak sektore honetan eragin duen krisia ikusita”.  

Gertukoa konfiantzazkoa izateaz gain arreta pertsonalizatuarekin lagunduta doa. Tokiko merkataritzaren ezaugarriak balioan jarriz, bertako ekonomian duen eragina azpimarratu du udal agintariak; merkataritza eta ostalaritza sareak herri izaera indartzeko laguntzen du eta sozializaziorako elementu ezinbestekoa dela aipatu du tokiko merkataritza indartsua edukitzea. Alkateak, merkataritzaren lagungarri, urte sasoi honetan herria girotzeko, kaleetan eguberriko argiztapena eta ekitaldi ezberdinez osatutako kultur agenda erakargarria antolatu dela erantsi du.  

Aurten ere “Zure aukera Beasain”

Bareak Beasaingo Merkatari Elkartearen izenean Bakarne Lezeta, Amaia Sorazu eta Ane Aristik “Zure aukera Beasain” lelopean bigarrenez antolatutako kanpainaren xehetasunak eman dituzte. Gabonetako erakusleihoen lehiaketa, zozketak, erosketa sarituak, opariak, poltsa berrerabilgarrien banaketa, eta aurten erretiratu diren merkatariei omenaldia dira aipagarrienak. Era berean, bezero eta erosleek azken hilabeteetan izan duten jokaera eskertu dute, tokiko merkataritzan kontsumitzeko ardura hartu izanagatik.

Erakusleihoak dotoretzeko lehiaketa 

Udalarekin elkarlanean antolatutako Gabonetako erakusleiho lehiaketan 12 saltokik hartuko dute parte eta erakusleihoak abenduaren 9tik urtarrilaren 6ra izango dituzte apainduta. Epai-mahaia Udaletxeko ordezkari batek, Bareakeko ordezkari batek eta herritarren botoek osatuko dute. Botoa emateko epea abenduaren 20a arte egongo da irekita eta horretarako bi aukera daude: batetik lehiaketan parte hartzen duen edozein establezimendutan egongo den txartela betez eta Igunean (udaleko herritarrentzako informazio gunea) utziz eta bestetik Facebook bidez mezu pribatu bat bidaliz Bareakeko orrira.

Botoa ematen dutenen artean hiru sari zozkatuko dira: 200 euroko txeke bat eta 100 euroko bi txeke lehiaketan parte hartu duten dendetan erabiltzeko. Sari emate ekitaldia abenduaren 30ean izango da, 15:30ean udaletxeko Batzar aretoan. Irabazleak urte osoko erakusleiho apainketa zerbitzua jasoko du.

Lehiaketaz gain, herria girotzeko asmoz, saltoki bakoitzak Gabonetako bola formako apaingarri bat jarri du “Zure aukera Beasain” leloarekin.

Fideltasuna saritzeko opariak eta zozketak

Bestalde, bezeroen fideltasuna eskertzeko, erosketak ere sarituko dira. Abenduaren 9tik 28ra bitartean Beasain txartelarekin ordaintzen diren erosketa guztien artean Gabonetako saskiak zozketatuko dira. Honetaz gain, ostalaritzaren arloa ere BAREAK elkartearen barruan dagoenez, hauek ere gabonetako saskiak zozketatuko dituzte euren bezeroen artean.

Bestalde, erosketak egiterakoan poltsa berrerabilgarriak banatuko zaizkie bezeroei (izakinak agortu arte). Poltsa gorriak izango dira “Nire aukera Beasain” leloarekin. Aurten iaz ez bezala, abenduaren 27an eta 28an txu-txu trena izango da Beasaingo kaleetan. 

Aurten erretiratu diren merkatariei aitortza

Azken urteetako ohiturari jarraiki, erakusleihoak dotoretzeko lehiaketaren sari emate ekitaldiarekin batera, aurten erretiratu diren merkatariei omenaldia egingo zaie. Aurten oroigarria jasoko dutenak hauek izango dira: Teresita Irizar  (Aranburu oinetakoak), Joxe Mari Ayestaran eta Mari José Acedo (Itsas-lur arraindegia) eta César García (Mugar elektrizitatea). Ekitaldia abenduaren 30an, 15:30ean izango da udaletxeko batzar aretoan. 

eguberri kanpaina aurkezpena 2021 2 web