Uztailean hasitako prozesuan ibaien garbiketa, landare inbaditzaileen erauzketa egin dira eta orain landaketa berrien txanda iritsi da

Ibaien garbiketa eta kontserbazio egoera hobetzeko herritarrak kontzientziatzea beharrezkoa dela esan du alkateak

Beasaingo Udalak, herriko ibai eta erreka degradatuak leheneratu eta egoera ekologiko hobean jartzea xede duen ekimenaren baitan, 2021eko programari amaiera emango dion landaketa fasea jarri du martxan. Biologo adituen aholkularitza eta laguntzarekin (Aranzadi Zientzia Elkartea), ibarbasoa leheneratzeko 200 zuhaitz-landare landatuko dira.

Landaketari hasiera emanez, Leire Artola alkatea izan da Estanda errekan lehen zuhaitz-landareak landatzen. Bere hitzetan “herria txukun mantendu eta natur ondarea babestea ezinbestekoa da Udalarentzat, herria eta herritarren ongizatean eta klima aldaketaren aurkako erronkan eragin zuzena duelako”. Ibaiko landarediaren mantenua bere gain hartzen du Udalak baita garbitasunaren ardura ere eta honela ingurumena zaindu eta etorkizuneko Beasain eraiki eta babesteko konpromisoari eusten dio. Hortaz gain, aldiro biltzen den zabor kopurua kontutan izanik, herritarrak arazo honetaz sentsibilizatzen jarraitzeko helburua bete nahi duela gaineratu du alkateak.

Zaborrak garbitu eta ibarbasoa leheneratu

Proiektu honen helburu nagusia, Beasaingo erreken biodibertsitatearen kontserbazio egoera hobetzea da. Uztailean ibaietako zaborraren garbiketa eta landare inbaditzaileen erauzketa burutu zen herritarren parte hartzearekin. Orduan aurreratu zen bezala orain ibarbasoa leheneratzeko bertako 200 landaren landaketa burutuko da. 

Zabor bilketari dagokioenez bai uztailean eta bai irailean egindako garbiketan tona bat zabor pasatxo bildu da Gureak enpresako langileen laguntzarekin (Oria ibaian). Zabor guztia Sasietara eraman da, ia guztia errefusa. Landareei dagokioenez guztira 14 landare autoktono inbaditzaile aurkitu dira Beasaingo udalerrian. Oria, Agauntza eta Estanda ibaietan erretiratu dira eta azaleran neurtuz gero 1.778 m2 erauzi dira. Ateratako landare guztiak erre eta hondakin guztiak deuseztu dira.

Landaketari buruz esan, bertako ibar-basoa leheneratzea denez helburua, haltzadi batean agertzen diren espezieak landatuko direla, hala nola, haltza, sahatsa, lizarra eta urritza. Guztira 200 landare landatuko dira. Ekimen honetan Aranzadi Zientzia Elkarteko biologo adituen laguntza jaso da eta sentsibilizazio saioak eta ibaiko landarediaren azalpenak eman dituzte.

Proiektuaren helburua bat dator bete betean Euskadiko Biodibertsitate estrategiarekin, Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen Estrategiarekin eta Ingurumen Esparru Programarekin. Proiektu honetako jarduerak Oriaz gain, Estandan eta Agauntzan ere egin dira, denera 8 km lineal ingurutan. Agauntza ibaia, gainera, Garrantzi Komunitarioko Lekua (GKL) da, bertan bisoi europearra bizi daitekeelako, dena den, gaur egungo ibarbasoaren kalitatea eskasa da.

zuhaitz landaketa 58 zuhaitz landaketa 17