Udalak Igartzako errota erromesen aterpetxe izaten jarraitzeko hitzarmena berritu du beste hamar urtez Iparraldeko Santiago Bideko Lagunen Fundazioarekin 

Igartzako Monumentu Multzoko errotan kokatuta dagoen erromesentzako aterpetxea beste hamar urtez Iparraldeko Santiago Bideko geraleku izaten jarraituko du erromesentzat. Hala izenpetu da egoitza honetako lagapena egiteko baldintzak biltzen dituen hitzarmena gaur goizean toki horretan. Errotako lehen solairua eta ganbara dira erromesentzako aterpetxe izateko egokitutako espazioak. Bertan Iparraldeko Santiago bidea egiten ari diren 20 erromesentzako lotarako lekua eta oinarrizko zerbitzuak daude. 

Udalbatza osoko azken bilkuran hartutako erabakiaren ondotik, hitzarmena sinatzeko ekitaldian Leire Artola Beasaingo alkatea eta Fernando Imaz Iparraldeko Santiago Bideko Lagunen Fundazioko ordezkaria izan dira. 

Alkateak Beasain erromesen aterpe hartzeko geraleku izaten jarraitzeko garrantzia azpimarratu du. Beasain, nazioarte mailan hainbesteko erakargarritasuna duen ibilbide honek mapan kokatzea laguntzen du. Azken hamar urte hauetan ia 5.000 erromes izan dira Igartzako errotan kokatuta dagoen aterpetxe honetatik pasa direnak eta Beasain ezagutu eta ezagutzera emateko aukera izan dute. Hori horrela, Beasaingo Udalak udalerriko ondareari garrantzia emateko honen ezagutzaren difusioan lagunduko duen hitzarmena dela gaineratu du. 

Fundazioaren izenean Fernando Imazek hain ondo ornitutako azpiegitura bat kudeatu ahal izateari balioa eman dio. Santiago bideak egun turistikoki eta ekonomikoki eragin ditzaken ekarpenak nabarmendu ditu eta euren elkartea osatzen duten boluntarioen lana balioan jarri du. Duela 13 urte Igartzako errotaren goiko solairua eta ganbara erromesen aterpetxe izateko lehen proposamen hura ekarri du gogora eta egindako bideaz gain hurrengo urteetarako lagapenaren luzapenarekin eskertuta azaldu da Beasaingo Udalari.     

Erromesen aterpetxea sinaketa 1 Erromesen aterpetxea sinaketa 12