Txakur Eredugarri Programari dagozkion bi ekimen hauek presentzialak izango dira 

Udalerriko txakur jabeak arduratsuak izateko eta herritarren arteko bizikidetza hobetzeko, Txakur Eredugarri Programak hurrengo bi ekimenei emango die hasiera datorren astean.

Jabe eredugarria izateko ikastaroa

Lehena urriaren 20an hasiko da. Programaren barnean garrantzi nabarmena izango du “Jabe eredugarri” izeneko formakuntza intentsiboak. Hamabi saio presentzial izango dira asteartero burutuko direnak udaletxeko sarreran elkartuta arratsaldeko 19:00etan. Urriaren 20an eta 27an; azaroan 3, 10, 17 eta 30an; abenduan 1, 15, 22 eta 29an eta urtarrilean 12 eta 19an izango dira saioak. 

Saio hauetara txakur jabeak direnak txakurrekin etorri beharko dira. Ekintza honetan parte hartzeko izena eman beharko da helbide honetan.

Behin saio hauek beteta, nahi duten txakur-jabe bikoteei azterketa bat egingo die hezitzaile-aztertzaile batek, gainditzen duenari txakur heziketa titulu bat luzatuz.

Sozializazio paseoak izango dira bigarren ekintza. Urriaren 22an izango da lehena eta ostegunero errepikatuko dira. Jabeak eta txakurrak Loinazko San Martin plazatik abiatuko dira arratsaldeko 19:00etan eta parte hartzea irekia da.  

Udalerri atsegina eta bizigarria

Udalak sustatuta, herritarren arteko bizikidetza eta udalerri atsegin, txukun, eroso eta bizigarria izateko helburuari jarraiki, hainbat esparrutan eragitea du helburu Beasaingo Udalak. Kangune zentroarekin elkarlanean joan den ekainean hasi zen urtea iraungo duen egitaraua.

Txakur Eredugarri Programa ekimena udal gobernuak bere legealdi planean zeukan aurreikusita eta pertsonen ongizatean eragingo du. Kasu honetan txakurren eta pertsonen arteko elkarbizitza hobetzera dator eta animalien jabetza arduratsua sustatzea du xede. Honetaz gain, udalerrian dauden lau txakur parkeetan hobekuntzak egiten hasia dago Udala. Horren adibide jarri berri diren txakurrentzako iturriak izan dira.