Larunbat honetan, hilak 4, izango da 2020ko lehenengo azoka.  Urteari hasiera emateko, ohiko postuez gain fruta saltzen duena eta  artisautza produktuak saltzen dituzten postuak ere izango dira. Horrela, Loinazko San Martin plazara gerturatzen direnek produktu hauek erosteko aukera izango dute: eztia, barazkiak, loreak, arrain kontserbak, txerrikia, haziak, ogia, gozoak, frutak eta artisautza produktuak saltzen dituzten 4 postu. Azken horien artean egurrezko jostailuak,   erraldoiekin zerikusia duten produktuak, metalaren gainean aplikatzen den sutan esmaltatutako bitxiak eta osagarri pertsonalak saltzen dituen beste postu bat ere izango dira.

Bestalde, azokan erositako produktu horietako batzuk erabilita egin daitezkeen zenbait errezeta jasotzen dituen liburuxka eta erosketetarako poltsa ere banatuko dira azokako erosleen artean.

Larunbat honetako egitaraua hau izango da:

10:00 Bertako produktuen azokaren hasiera

11:30 Makramea egiten ikasteko tailerra

12:00 Loinatz Musika Eskolako trikitilariek eta panderojoleek kaleak eta azoka girotuko dituzte

13:30 Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa azokan erosketak egindakoen artean

14:00 Bertako produktuen azokaren amaiera

Hileko lehen larunbateko azoka berezia duela ia lau urte Udal gobernuak martxan jarritako egitasmoa da eta honen helburua, bertako ekoizleen eta baserritarren lana balioan jartzea eta garaian garaiko produktuen kontsumoa areagotzea ez ezik, kontsumitzaileak azokara erakartzea ere bada. Horretarako, azoka dinamizatzeko ekintza ezberdinez osatutako egitaraua antolatzen da hilero.