Beasaingo Udala Kutxa Ekogunearen Trukegune Sarera atxikitu da kontsumo arduratsua eta birziklapena bultzatzeko helburuz

Ekimenen honetan parte hartuz, Beasaingo Udalak herritarrei herrian bertan trukerako espazio bat izateko aukera eman nahi die. Honela egitasmo honekin trukean oinarritutako esperientziaz baliatuz kontsumo arduratsua eta birziklapena bultzatu nahi dira. Bide batez, haurrek Gabonetan opari moduan jasotzen dituzten jolasak berrerabiliak izateko aukera erraztea da, eta baita trukearen bidez eman eta jasotzea biak gozagarri direla sentiaraziz eta “jostailu berri” izate horri garrantzia kenduz. Era honetan, objektuei bizi berri bat emateko modua da, jostailuek norbere familiari asko eman ondoren, beste haur batzuei beste horrenbeste eskaini dezaketen altxor txikiak izan daitezke.

Beasaingo Trukegunea udaletxe atariko arkupean dago kokatua eta urtarrilaren 7ra arte egongo da erabilgarri. Trukegune honetan, objetuak era librean utzi eta jaso daitezke, tarteko ordainketarik gabe. Utzi edo/eta hartu. Betiere, uzten dena moldaketarik egin beharrik gabe erabiltzeko egoera onean dagoela ziurtatuz eta jasotakoa, utzitako gure seme alaben jostailuak erabiltzen genituen bezala tratatzeko konpromisoz.

Gabonen ondoren trukatu ez diren jostailuak irabazi asmorik gabeko elkarte ezberdinetara bideratuko dira.

Trukegunean uzteko baldintzak

Ondorengo objektu edo gauzak utzi daitezke: liburuak, musika CD originalak, etxetresna elektriko txikiak, elektronika (mugikor, irrati, mp3, telebista…), brikolaje eta jardineritza Kirol eta aisi produktuak, musika tresnak, apaingarriak eta jostailuak.

Utzi ezin daitezkeen gauzak berriz honako hauek; arropa (galtza, gona, niki, soineko, jaka, oinetakoak), janaria, osasunerako edo garbitasunezko produktuak, animalien produktuak, poltsa edo kaxetan antolatu gabe uzten direnak, Trukegunean sartzen ez direnak eta hortaz elementutik kanpo geratzen direnak, egoera onean ez daudela atzematen diren objektuak (funtzionamendu, garbitasun edo egoerari dagokionez).

Trukegunea Gipuzkoako 10 udalerritan eta Kutxa Ekogunean

Kutxa Ekogunean laugarren urtez antolatzen den ekimena da, geroz eta erabiltzaile gehiago dituena. Esperientzia hau Gipuzkoan zabaltzen jarraitzen du eta hurrengo udalak ekimenera batu dira, Kutxa Ekogunearekin batera: Andoain, Beasain, Errenteria, Legazpi, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Tolosa, Villabona, Zumaia.