Adineko beasaindar guztiei udalak ongizate sailaren bitartez eskaintzen diren zerbitzuen berri emateko kanpaina berrian gutun bidez gonbidatuak izan dira bilera irekietara adineko pertsonak dituzten familiarteko edo senideak

Udalak, gizarte baliabideen eta prestazio ekonomikoen inguruko informazioa emateaz gain zalantza eta galderak argitu eta bisita gidatuak egingo ditu zerbitzuetara

Herritarrengana gerturatu eta adineko pertsonei ongizate sailetik, gizarte baliabideen, prestazioen eta zerbitzuen inguruko informazioa zabaldu nahi du Udalak. Horretarako, iaz bezala informazio kanpaina berri bati ekin zaio eta adineko pertsonak dituztenei eta haien familia eta zaintzaileei zerbitzu eta aukera ezberdinen berri emango zaie antolatu diren bileren bidez, zerbitzu horien berri eman eta erabiltzera  anima daitezen.

Beasaindarren ongizatea eta bizi kalitatea hobetzeko eskura dauden baliabideak ezagutaraztea da aipatu bileren jomuga eta horien bitartez eta Gizarte Ongizate Sailaren bidez, herritarrengana gerturatu nahi du Udalak eta zerbitzu hauen beharra izan dezaketen adineko pertsonekiko ardura adierazi. 

Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren enplegua sustatzeko programaren bidez, pertsona bat kontratatu du Udalak lan hau betetzeko. 45 eta 64 urte bitarteko herritarrak bizi diren etxeetara gutuna bidaliko da (200eko multzoetan, guztira ia 4.000) udaletxeko batzar aretoan egingo diren bileretara etortzeko gonbidatuz. Informazio bilerak hasi dira eta otsaila, martxoa eta agian apirila bitartean egingo dira. Hitzorduen bitartez burutuko dira bilerak eta deialdiak 200 pertsonako multzoetan egingo dira.

Bileretan, Gizarte Ongizate Sailak adineko pertsonei eta batez ere 75 urtetik gorakoei, beren familiei eta zaintzaileei zuzendutako gizarte baliabideen berri eman eta prestazioen inguruko informazioa eskainiko diete eta halaber,  zerbitzuetara bisita gidatuak antolatuko dituzte. Bisita gidatuak egiteko interesa dutenei, eguneko zentroa, Erretiratuen egoitzan ematen diren tailerrak eta etxebizitza babestuak erakutsiko zaizkie.