Beasaingo alkatea, Mexikoko 2 komunitatetako, yukatango maia eta nahuatl aktibista bana, eta Euskaraldiko kide bat bilduko dira hizkuntzen biziberritzearen ertz desberdinak jorratzeko mahai-inguruan

Udalak Garabide elkartearekin duen elkarlanerako hitzarmenaren baitan Euskaraldiarekin lotuta antolatu da ekitaldi hau

Asteazken honetan, azaroaren 14an Igartzako jauregian arratsaldeko 19.00etan hizkuntza gutxituei buruzko mahai ingurua antolatu da. Helburua, hizkuntza hauek biziberritzeko gakoei buruz azalpenak ematea eta esperientziak partekatzea izango da. Lehenik mahai-inguruan arituko dira Aitor Aldasoro Beasaingo alkatea,  Mexikoko bi komunitatetako, yukatango maia eta nahuatl aktibista bana, eta Euskaraldiko kide bat. Ondoren denen artean hizketan aritzeko tarte irekia izango da, nahi beste galdera egin eta beste horrenbeste esperientzia partekatzeko. Alkateak, euskararen esperientziatik abiatuta, Udalak aurrera eramaten dituen egitasmoak eta hauei buruzko ondorioak azalduko ditu.

Beasaingo Udalak Garabide elkartearekin duen hitzarmenaren baitan kokatzen den ekitaldia da mahai-ingurua. Besainen burutzen den Euskaraldiaren egitarauan sartu da mahai-inguru hau eta Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak deituriko Aditu ikastaroan parte hartzen ari diren herri indigenetako ordezkarien presentzia Euskal Herrian aprobetxatu da horretarako.

Beasaingo Udalak garapen bidean diren herrialdeei bideratzen dien aurrekontuaren %1etik laurden bat zuzentzen du hizkuntza gutxituetako herrialdeekin elkarlanean aritzen den Garabide elkarteari. Honela, garapen bidean dauden herrialdeei eskaintzen zaien laguntzaren barruan kooperazio linguistikoa bultzatzea da helburua, honela herrialdeen nortasunaren alde ere eginez.