XVII. edizioa beteko den honetan, Herriak Elkarlanean gobernuz kanpoko erakundea izango da Udalak eta elkarteek omendua

Udalarekin harremana duten elkarteen lana kaleratu eta balioan jartzea da egun honetako helburu nagusiena

Beasaingo Udalak antolatu eta bultzatzen duen boluntarioen egunak hogeita zazpi elkarte bilduko ditu Gernika pasealekuan urriaren 6an. Egun honek bere sorreran izan zuen helburu nagusiari eusten dio eta honela boluntarioez osatzen diren elkarteek egiten duten lana kaleratu eta balioan jarri nahi da. Aurten, jarduera anitzetako elkarteen kopurua igo egin da. Guztira 27 elkarte izango dira.

Gernika pasealekuan kokatuko diren postuetan egongo dira elkarteak eta euren lanaren berri emateaz gain, boluntario gehiago erakartzeko informazioa ere banatuko dute. Nagusilan, Gurutze Gorria, Unrwa Euskadi, Fundación Internacional  de Solidaridad compañía de Maria, Aranealde, Asmube, Alkoholiko anonimoak, Txilibutxof, Cáritas, Txolarte, Herriak Elkarlanean, Esku batuak, Mundu bat, Minbiziaren aurkako elkartea, emigrad@s sin fronteras, Haurralde, Al-Anon Alateen, Gazteak eta Garapena, Salvamento Marítimo Humanitario, Etxe kaleratzeak stop, Bakerako Lankidetza Batzarrea, Garabide, Proega Proyde, Gipuzkoako Odol emaileak, AGE, Begisare eta Baltistan Fundazioa egongo dira.

Udalaren izenean Malu Valles ongizate saileko zinegotziak aurkeztu du Boluntarioen eguneko egitaraua. Udalarekin elkarlanean jarduten duten elkarteen lana eskertu eta balioan jarri du. Boluntarioez osatzen den elkarte sarea Beasainen eredugarria dela gehitu du eta herritarrek elkarte hauetan duten parte hartzeko borondatea goretsi nahi izan du; honen garrantzia azpimarratu eta kontzientziazio hau zabaltzeko egiten den ahalegina balioan jarri du.

Herriak Elkarlanean aurtengo omendua

Boluntarioen eguna sortu zenetik, urtero bere lanagatik eta antzinatasunagatik elkarte edo norbanako bat omendua izaten da Udalaren aldetik. Ohikoena, elkarte zaharrena eta urte gehien jardunean daramana izatea da. Aurten Herriak Elkarlanean gobernuz kanpoko erakundea izango da Udal agintarien aitortza eta omenaldi jasoko duena. Elkarte honek hirugarren munduko herrialdeetan burutzen du bere lana, pobreziak jota bereziki emergentziazko egoeran daudenetan.

Egitarauari dagokionez, urriaren 3an emango zaio hasiera epilepsiari buruzko hitzaldi batekin udaletxeko batzar aretoan. Urriaren 6an aldiz goizeko hamarretan hasi eta arratsaldeko ordubiak bitartean burutuko dira ekitaldi guztiak Gernika pasealekuan kokatuko diren postuetan.

  pdf Ikus egitaraua (1.84 MB)