Larunbat honetan, uztailaren 7an burutuko den hileko azoka berezian banatuko dira lorez apaindatuko balkoien eta establezimenduen lehiaketako sariak. Honekin batera nekazaletxe batean bi lagunentzat asteburu bateko egonaldia zozketatuko da azokan erosketak egindakoen artean

Oporren aurreko azken azoka berezia izango da larunbat honetakoa.Garaian garaiko produktuei dagokionez, udako barazki hauek izango dira protagonista nagusiak bereziki: tomatea, tipula gorria eta patata berria. Horiez gain, beste produktu batzuk ere izango dira salgai Loinazko San Martin plazan kokatuko diren postuetan; barazkiak, lekaleak, eztia, gazta, loreak, ogia, ardi esnea, haziak, tartak eta kontserbak.

Barazki horiekin platerak prestatzen laguntzeko, hilabete honetan ere bertako sukaldarien errezetez osatutako liburuxka ere banatuko da erosleen artean.

Bestalde, produktu horiek guztiak erosteko aukera izateaz gain, haurrentzako argazki-albuma egiteko tailerraz gozatzeko aukera izango dute gazteenek hamaika eta erdietatik aurrera. Ordu bat eta erdietan, berriz, lorez apaindutako balkoien eta establezimenduetako lehiaketako irabazleei sariak emango zaizkie.Ordu berean nekazaletxe batean bi lagunentzat asteburu bateko egonaldia zozketatuko da azokan erosketak egindakoen artean.

Iaz Udal gobernuak martxan jarritako egitasmo berri honen helburua, bertako ekoizleen eta baserritarren lana balioan jarri eta garaian garaiko produktuen kontsumoa areagotzea ez ezik, kontsumitzaileak azokara ekartzea ere bada. Horretarako azoka dinamizatzeko ekintza ezberdinez osatutako egitaraua antolatu da. Uztailaren 7ko azokarako antolatu dena hauxe da:

10:00 Bertako produktuen azokaren hasiera.

11:30 Udako argazki-albuma egiteko tailerra haurrentzat.

13:30 Lorez apaindutako leiho eta balkoien lehiaketako eta establezimenduetako

         lehiaketako irabazleei sari-ematea.

13:30 Nekazaletxe batean bi lagunentzat asteburu bateko egonaldia zozketatuko da  

         azokan erosketak egindakoen artean.     

14:00 Bertako produktuen azokaren amaiera.