Aste honetan Errekarte kalean eta inguruko parkeetan pozoi ondarrak agertu dira berriz ere. Joan den azaroan, toki berean, bederatzi katuko kolonia batean, bost katu hil ziren pozoia irentsi izanaren ondorioz.

 Beasaingo Udalak gertaera hauek irmoki gaitzesten ditu, bai azaroaren 18an zehazki eta bai aste honetan gertatutakoak. Kontrolik gabe zabaldutako pozoiak eragin ditzakeen ondorioak larriak izan daitezke. Ez bakarrik kalean paseatzen diren etxeko animalientzako baizik eta pozoia hartu eta irentsi dezakeen edozein pertsonarentzako. Honelako jokaera krudelak animaliei heriotza oso mingarria eta latza eragiten die.

Beasaingo Udalak erabat debekatutako praktika mota hau atzemateko bere baliabide guztiak jarriko ditu martxan. Isunez zigortuko ditu, animaliak edukitzeko eta babesteko Udal-ordenantzaren 41-C artikuluan jasotzen den bezala.

Lau Katu eta Udalaren arteko elkarlana

Beasaingo Lau Katu Elkartearekin batera Beasaingo Udalak herriko katuen kopuruari kontrola ezartzeko elkarlanean dihardu. Honela helburu mankomuna, katuen ongizatea bermatzeaz batera herritarrekin bizikidetza egokia izatea da.

CES protokoloaren bitartez  (harrapaketa, antzutzea eta askatzea), katuen ugaltzea murrizten da. Ikerketa-lan ugarik ziurtatu duten bezala, osasun ikuspuntutik protokolo hau, katu-populazioaren kontrolerako eta abereen ongizaterako jarraibide egokiena da.

Hiri-inguruneko katu-koloniak onuragarriak dira karraskari eta intsektuen kontrol ekologikorako, betiere katuen ugalketa kontrolpean izanez, kopurua eta osasun-baldintzak egokietan bizi daitezen.

Beraz Beasaingo Lau Katu Elkartearen eta Udalaren  elkarlanari esker, Beasaingo katu koloniak babestuta eta kontrolatuta daude.

Hori horrela, beasaindarrei eta bizilagunei orohar, katuekiko errespetuzko jarrera izatea eskatzen diegu, hauen ohituretan esku hartu gabe eta elikagai organikoekin katuak ez elikatuz.