Ohiko prozeduren ondotik eraikuntza lanak epe motzean hasiko dira; guztira 114 etxebizitza eraikiko dira hiru eraikuntza edo blokeetan banatuta

Udalak onartutako proiektuarekin atzemandako etxebizitzen eskaerari erantzuteaz gain eremu urbanoan eraikitzea lehenesten du eta ez landa eremuan

Errekarte eremuko hirigintza proiektuak onespen guztiak jasota dauzka eta epe motzean eraikuntza lanak hasi ahal izango dira. Udalak honela, ohiko prozedurekin amaitu eta eraikitze lanak une batetik bestera hasteko bidea ireki du.

Udal gobernuak atzemandako etxebizitza beharrei erantzunez, eskaera honi irtenbidea emango dio eremu honetako proiektuaren gauzatzearekin. Behar berriek hala adierazita, oraingo proiektuak duela hamar urte aurkeztu zen hartan du oinarria baina oraingo beharrei egokituta. Mendialdean ez da eraikiko, alegia landa sektorean. Zerbitzu eta azpiegitura guztiak eskura dauden eremu urbanoan baizik eta gaur egungo eraikinen lerroari jarraiki, Udal gobernuak eremu urbanoan eraikitzea lehenesten baitu.

Garatu den proiektu berrian berdeguneak eta espazio desberdinak errespetatuko dira gehiegikeriarik egin gabe. Errekarte baserriari dagokionez, interes arkeologikorik ez duenez, ez da ondare izendatua eta eraitsi egingo da. Hiru etxebizitza bloke daude aurreikusita eraikitzea; bi, egun Errekarte baserria eta honen ondoko baratzeak dauden tokian (34 etxebizitza bakoitzean) eta beste eraikuntza bat errekatxoaren beste aldean Telleri baserriaren lur eremuan. Jatorrizko proiektuan baino solairu bat gutxiago eraikiko da eta 114 etxebizitza izango dira guztira. Horietatik 26 babestuak eta beste 13 tasatuak. Sukia enpresa izango da etxebizitzen eraikuntzaz arduratuko dena.

Udal gobernuaren iritziz, etxebizitzen eskariari dagokionez, Beasainen gaur egun eraikuntza berrietarako dauden eremuak mugatuak dira, horregatik daudenak zentzuz kudeatu behar dira, eremu urbanoa lehenetsita.