Belar artifizialerako aldaketa lanak amaituta, abuztuaren 21an estreinatu zuten zelaia Beasain KE-ko neska-mutilek

Igartza futbol zelaiko egoera larriarengatik eta Loinazkoaren erabilera areagotzeko burutu da aldaketa

Erabilpen bete-betean aurkitzen da jada Loinatz Udal futbol zelaia eta dagoeneko emakume zein gizonezkoen futbol taldeak zelai berrian entrenamenduak eta partiduak burutzen ari dira. 

Abuztuaren 21ean amaitu ziren Loinatz futbol zelaiko belar aldaketa lanak. Aurreikuspenak zintzoki bete dira eta hilabete t’erdian belar naturala izatetik, belar artifizialera pasa da.

Udalak, Beasain Kirol Elkarteak egindako eskaerei konponbidea eman die honela, izan ere, bi zelaien erabiltzaile kopurua handituz joan da azken urteetan eta Loinatz futbol zelaiaren lehengo egoerak (belar naturala izateak) honen egoera mugatzen zuen. Bestalde, Igartzako futbol zelaiaren erabilera gainezka eginda zegoen eta beraz, Loinazkoari etekin gehiago ateratzea derrigorrezkoa zen Kirol Elkartearentzat.

Behin aldaketa lanak burututa, orain zelai berrian emakumezko zein gizonezkoen taldeak entrenatu eta jokatu ahal izango dute, honela zelai nagusia erabiltzeko aukera, genero ikuspegitik, berdintasunean emango da. Ez hori bakarrik, talde gehiagori ere aukera emango zaio zelai nagusian jokatzeko.

Abantailak eta aprobetxamendua

Loinatz futbol zelaiaren erabilpena urria izan da beti, zituen berezitasunengatik eta baldintza egokietan mantentzeko zailtasunengatik. Horrek guztiak bere erabilera mugatzen zuen. Hori horrela horri gehitu behar zaio, aurretik aipatu bezala erabiltzaileen eta taldeen kopurua azken hamarkadan zeharo handitu dela.

Beasain KE-k, Futbol Eskolaz gain, gizonezko 11 talde federatuen jarduera kudeatzen du. Ia 400 pertsona inguru guztira. Emakumezkoetan aldiz, taldeen egitura handitu egin da eta gizonezkoak adina talde eta jokalari daude. Hori honela, beharrezkoa zen Loinatz udal futbol zelaiaren aprobetxamendua handitzea belar aldaketa eginez.  

Genero berdintasunaren alde egiteaz gain zelai nagusia erabiltzeko aukera zabaldu zaie gainontzeko taldeei eta ondorioz futbolean aritzeko aukera ere bai. Kalitate eta abantailarik onenak bermatzen dituen azpiegitura jarri da kirol hau praktikatu nahi duten herritarren eskura eta honen erabilpena ez da eguraldiak baldintzatua egongo. Mantenu kostuei dagokionez, abantaila ekonomikoak ekarriko ditu honek, belar naturalak eskatzen duena baino merkeagoa baita.

Kanpoko igerilekuetan belar aldaketa

Hurrengo pausoa orain, udako denboraldia amaitzen denean emango da. Irailaren 15ean kanpoko igerilekuak isten direnean, egungo belarra kendu eta hemen ere belar artifiziala jarriko da. Hemen ere material berri honek eskaintzen dituen abantailak aprobetxatuko dira, batez ere mantenuan. Gainera, zati bat futbol entrenamenduetarako egokituko da.