Erauskin plazan eta Ezkiagako frontoi parean argiz jantzitako eskultura berriak kokatuko dira. Bideluze eta Barrendain plazetakoak ere indartuko dira  

 Abenduaren 14tik urtarrilaren 7ra piztuko dira tokiko merkataritzan eta saltokietako ekonomian eragin positiboa indartzeko helburuarekin

Argiteria bereziak kaleak apaintzearekin batera merkataritzan eta saltokietako salmentetan eragin positiboa izatea du helburu. Eguberrian ohikoak diren erosketak Beasaindik irten gabe udalerriko merkataritza sarean eta dendetan herritarrak zein kanpotarrak bertan egitera bultzatu nahi ditu Udalak tokiko ekonomia sustatzeko. Izan ere, Beasaingo Udalak tokiko merkataritza sustatzea du bere eginkizunetako bat, bertakoa babestu eta indartzea eta bertan erosteak eskaintzen dituen onurak ezagutaraztea. Xede horri lotuta burutzen duen ekimenetako bat da Eguberriko argiteriari behar duen garrantzia ematea.

Hedapena, kalitatea eta aurrezkia 

Eguberriko argiteriaren piztea abenduaren 14an egingo da eta urtarrilaren 7a arte egongo da funtzionamenduan. Energia aurrezpen irizpideak aintzakotzat hartuta, argiak piztuta egongo diren orduak erregulatzeko erlojuak instalatuko dira, baina aldi berean argien ikusgarritasuna hobetzen jarraitzeko elementu berriak txertatuko dira. 

2022an instalatu ziren gune berriak mantentzeaz gain, hala nola Igartza Oleta kaleko 2-6 zenbakien tartea (5 arku), Oriamendi kalea 1-30, eta Nafarroa etorbideko zati zabalena, aurten Bideluze eta Barrendain plazako eremuak ere argiz jantziko dira. Horretarako zubia alderik alde zeharkatuko duten LED zintak jarriko dira eta Barrendaingo palmondoak apainduko dira. Parrokiko atariarekin ere keinu bat edukiko da Andramari kalean ur-jauzi itxurako argi puntu bat gehituz.

Bestetik, iaz Erauskin plazan kokaturiko 2,5m-ko bolaren ordez ordez, 8m-ko altuera duen kono bat kokatuko da eta Ezkiagako frontoi parean 4,5m-ko altuera izango duen beste bat jarriko da.

Lehen argiteria publikoari lotuta zegoenez, honekin batera piztu eta itzaltzen zen. Orain aldiz, erloju sistemari esker honako ordutegian piztu eta itzaltzeko programatuko da: astelehenetik ostegunera 17:30etik 22:00ak arte eta ostiraletan, asteburuetan eta jaiegunetan 17:30etik 01:00ak arte. 

Horretaz gain, udal ordezkariek ere jakinarazi dute Eguberriko argiek Beasaingo Udalaren urteko elektrizitate kontsumo osoaren %0,06 soilik suposatuko dutela.  Argiteariaren alokairua eta instalazioa ArgilineX S.L. enpresari esleitu zaio 40.499,99 € euroan (BEZ-a barne). 

Hori horrela, datozen egunetan herrian zehar ibiliko dira teknikariak lanean eta argien euskarriak jartzeko hauek kokatzen diren etxebizitzetako balkoietan ibili litezke eginkizun horretan. Hargatik herritarrei ohar honen berri ematen zaie ezustekorik har ez dezaten. Udalak aldez aurretik lan hauek eragingo dituzten eragozpenak ulertzen jakitea eskertu nahi die bizilagunei. 

Eguberriko argiak 2023 udaletxea