Birgaitze premia duten udalerriko errepideetan, aparkalekuetan eta garajeetako sarreretan egingo dira eta abuztuak 4 arte iraungo dute

Udalerriko kale eta errepideetako berritze eta mantenu lanekin Udalak egiten duen jarraipenaren baitan, 2023ko bide asfaltaketa kanpainaren lanak egiteko garaia heldu da. Asfaltaketa lanekin herria beasaindarren beharretara egokitu nahi da errepide, espaloi eta garaje sarrerak baldintza egokietan mantenduz. 

Honela bada, herrian birgaitze premia duten eremuen azterketa egin ostean, lehentasunaren arabera asfaltatuko diren kale-eremuak hauek izango dira: Gipuzkoa plaza, Igartza futbol zelaiko aparkalekua, Arantzazu kalea, eta Joan Iturralde kalea. Garajeetara sartzeko espaloietan baldosak egoera egokian mantentzeko eskatzen duen lana kontuan izanik eta mugikortasun urriko pertsonentzako irisgarritasuna hobetzearren, baldosen ordez asfalto inprimatua jarriko da. 

Bide asfaltaketa lanak aurten eta gobernu batzordeak hala erabakita, ASFALTIA, S.L. enpresak burutuko ditu ondorengo kostuarekin, 76.845,01 euro (BEZa barne). Lanak, uztailaren 26tik abuztuaren 4ra bitarte luzatuko dira ustekaberik ezean.