Herritarren eskari eta ekarpenekin, jolas-gunea birgaitzeaz gain parkea berdeagoa eta irisgarriagoa bihurtu da

Pasa den asteburuaz geroztik zabalik dago herritarren eskura Ixabel Olano parkea. Azken ukituak eta jardineritza lanak amaitu ondoren erabilgarri dago jada. Honela, iaz urrian hasitako lanak behin betiko bukatu dira. Parkeak itxura berria erakusten. Ur-azpiegitura, argiteria, zoladura eta haur-jolas gunean egin dira esku hartzeak, baita jardineritzan. 

Parkearen eraberritzea, Udalak eta proiektuaren egileak herritarren parte hartzearen bidez egindako elkarlanari esker burutu da. Eraberritze sakon baten premia bazuen parkeak; desitxuratua eta gabeziak zituen eta honelako espazioa proiektuaren egileekin eta auzotarren ekarpenekin berreskuratzea garrantzitsua izan da. Itziar Rodriguez beasaindarra eta Javier Regalado izan dira proiektua egin duten arkitektoak. 

Proiektuaren balio erantsietako bat jolas gune eraberritua da. Udalerriko beste parkeen osagarri izateko, Ixabel Olano parkea bereiztuko duten jolasak berriak dira. Horrela, sokadun piramidea, kautxozko jolas topografikoak (menditxoak) eta hauei lotutako txirrista eta tunelak txertatu dira. Jolas gunearen inguruan azpimarratzekoa da pergolaren birgaitzea; estalkia eraberritu da eta plataforma irisgarria eraiki da. Lorategi aldera dagoen egurrezko eskenategia ere berritu da.

Parke irisgarriagoa eta berdeagoa

Seaska Haurreskolaren erabiltzaileen eskariari erantzunez, bertara iristeko harrapala egin da. Zoladura zaharraren egoera kaxkarra kontutan izanik, bere osotasunean ordezkatu da hormigoi inprimatuzko akabera berriarekin. Karobi kaletik eta Florencio Axpetik zeuden sarrerak ere irisgarriak bihurtu dira. 

Esku-hartzearen bigarren ezaugarri nagusietako bat berdeguneen azalera handitzea izan da. Horretarako, sakabanatuta zeuden belardiak bateratu dira eta baldintza txarretan zeuden zuhaitzak bertako espezieengatik ordezkatu dira. Erretiratu diren plataneroen ordez, 7 Astigar (Acer Rubrum) eta 3 Magnolia (Magnolia Sulangeana) landatuko dira. Paisaia ikuspegitik parkeari itxura ederragoa emateko kolore desberdinetako loreak jarriko dira. Belardien perimetroan, egurrezko eserleku jarraiak kokatu dira, herritarren eskariari erantzunez.

Herritarren ekarpenekin osatua

Laurogeigarren hamarkadan eraiki zen gune honek zerbitzu luzea eman die herritarrei azken berrogei urteetan, baina denboraren poderioz, bertako berdegune eta batez ere zoladuraren gabeziak agerian geratu ziren, besteak beste. Herritarren beharrei egokitutako udalerri irisgarri, eroso eta atsegina eraikiz etorkizuneko Beasain marrazten jarraitzeko, udal gobernuak Ixabel Olano parkea eraberritzeko lehen pausoak eman zituen 2021an aurrekontuetan partida txertatuz.

Ondoren, 2021ko irailean Udalak galdetegi bat zabaldu zuen herritarren ekarpen desberdinak jasoz Ixabel Olano parke berriak eduki behar zituen ezaugarri nagusiak zehazteko. Ekarpen horien artean, gehien errepikatu zirenak irisgarritasunaren hobekuntza, jolas gunearen birgaitzea eta berdeguneak handitzea izan ziren. Hauez gain, parkearen argiztapena hobetzea eta eserleku gehiagoren instalakuntzarako eskaerak ere azpimarragarriak izan ziren.

Behin proiektua osatuta eta lanak esleituta, parkearen birgaitzea iaz urrian hasi zen. Eraispen fasearen ondoren, ur-azpegituren eraberritzea egin zen. Hoditeriaren aldaketa Oria ibaira egiten ziren zuzeneko isurketak ekiditeko baliatu da, saneamendu sistema bikoitza ezarriz. Honi esker, euri-urak eta ur zikinak jaso eta tratamendu desberdindak jasoko dituzte. Atzetik, Karobi kalearen birgaitzea eta parkeko zoladura eta irisgarritasuna hobetzeko lanak etorri ziren, baita jolas gunearen eraberritzea ere.

Ixabel Olano parkearen eraberritze lanak Iturrioz eraikuntzak enpresak burutu ditu, ia zazpi hilabeteko iraupenarekin, 800.387,30 euroko kostua izan dute. 

ixabel olano parkea amaituta 20230508 8

ixabel olano parkea amaituta 20230508 2

ixabel olano parkea amaituta 20230508 3

ixabel olano parkea amaituta 20230508 4