Gauzatu den Bizikleta Bideen Plana berrikusteko lanen baitan, hau ezagutarazi eta aldaketa-proposamenen berri emateko egingo da saio irekia

Udalak Oriako Bide Berdearen proiektua aurkeztuko dio Aldundiari Gipuzkoa mailako planean txertatuta izan dadin 

Apirilaren 18an, 16:00etatik 18:00etara udaletxeko batzar aretoan egingo da saio irekia

Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Arloko Plana (GBBLAP) berrikusteko lanei ekitea erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Plan hau 2013an onartu zen Foru Arauaren bidez eta Plan honetan programatutako bizikleta bideak gauzatzeko epea amaitu da. Berrikuspenaren lan teknikoak garatzen diren bitartean, parte-hartze publikoko prozesu bat hasiko da, berrikuspen honen izaera eta irismena ezagutarazteko eta planteatuko diren aldaketa-proposamenen berri emateko.

Partaidetza-prozesu horren esparruan, eskualdeko hainbat eztabaida-saio egingo dira, tartean diren eragile publiko eta sozial nagusiekin. Hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak, plan hau Beasainen aurkezteko eztabaida-saio irekian parte hartzeko deialdia egin du. Ekitaldi hau udaletxeko osoko bilkuren aretoan burutuko da apirilaren 18an, 16:00etatik 18:00etara.

Bilera horretan, erakunde eta eragileen proposamenak eta iradokizunak bilduko dira, eta, ondoren, baloratu egingo dira.

Aztertuko diren gaiak 

Bilera saio honetan, Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Arloko Plana berrikusteko parte-hartze publikoaren prozesua aurkezteaz gain, orain arte bildu eta eguneratutako informazioa biltzen duen dokumentua aurkeztuko da. Bizikleta bide-sarea aldatzeko proposamenak ere aurkeztuko dira eta amaieran dinamika parte-hartzailearen bidez eztabaida-tailerra burutuko da.

Bide batez, aipatu galdetegi bat jarri dela eskuragarri Foru Aldundiaren webgunean, bizikletaren erabiltzaileei edo/eta erabiltzaile izan daitezkeenei eskainia, Gipuzkoako hiriarteko bizikleta bide-sarea egituratzen laguntzeko helburuz. Halaber, posta elektroniko bat sortu da, gai horren gaineko edozein proposamen bidaltzeko: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.

Oriako Bide Berdea

Udalak, saio honetan Beasaingo Osasun etxetik Altamira auzora joango den oinezko eta bizikletentzako bidearen proiektua Aldundiari aurkezteko aukera baliatuko du, behin-betiko GBBLAP dokumentu eguneratuan txertatua izan dadin. 

Proposamenarekin bat, Oria ibaiaren ertzetik natur-bide berri bat sortuko da, Goierrin eskualde mailan, bidegorri ardatz berri bat sortuz, Beasain, Olaberria eta Idiazabalekin lotuz. Horrela, aisia edo eguneroko joan-etorriak oinez edo bizikletaz modu jasangarri, atsegin eta seguru batean egin ahal izateaz gain, autoarekiko menpekotasuna murriztu eta aukera berri bat eskainiko da klima aldaketari aurre egiten jarraitzeko.