Plaka fotovoltaikoen instalazioak kiroldegiko energía kontsumoaren %15 sortu du lehen hilabeteetan eta urteko portzentaia %31ra iristea espero da udako eguzki-ordu eta egun luzeagoak baliatuz

Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) %80ko dirulaguntzari esker, Udalak egindako inbertsioa laister amortizatuko du

Esku-hartze hau LED argiteria, biomasa galdara edo ur beroa berreskuratzeko sistema bezalako beste eraginkortasun energetikorako hobekuntzei gehitu zaie

Udal gobernuak, udal eraikinen jasangarritasuna, ingurumenaren babesa bultzatu eta klima aldaketari aurre egiteko aurreikusitako neurriak gauzatuz jarraitzen du. Honela 2022ko azaroan Antzizar kiroldegiko estalkian 300 kW-ko autokontsumorako plaka fotovoltaikoen azpiegitura jarri zuen martxan. Beasaingo Udalak 2030 urtera begira Euskadik dituen helburu energetikoak bere egiten ditu, beharrezkoak izango diren inbertsio eta proiektu estrategikoak aurrera eramanez. Hori horrela, hamarkada honen amaierarako erakunde publikoek beraien energia kontsumoa %35ean murriztu beharko dute eta kontsumitzen duten energiaren %32a iturri berriztagarrietatik lortu. 

Proiektuaren aurreikuspenen arabera, plaka fotovoltaikoek jasotzen duten eguzki-energiaren bitartez, urte osoan eraikinak kontsumitzen duen energia elektrikoaren %31,1 lortzea espero da. Energia berriztagarrien aldeko apustu honekin, epe-muga horretan, atmosferara CO2 isurpenak  gutxituko dira nabarmen eta eguzki-energiaren bidez lortutako autokontsumoari esker saretik ez kontsumitzearen ondorioz gastuan ere aurreztuko da. 

Aurreikuspenak betez 

Auto-ekoizpen mailari dagokionez, azpiegitura 2022ko azaroan jarri zen martxan eta orduz geroztik eraikinak kontsumitu duen energiaren %15a sortu du. Kontuan eduki behar da urtean zehar eguzki ordu gutxien dauden hilabeteetan aritu dela lanean orain arte. Datorren seihilabetean errendimendu gorena emango du. Uda garaian egun luzeei esker eguzkiaren presentzia handiagoa denez bataz-besteko autokontsumoa %45era iristea espero da. Honen arabera, urte osoa kontuan hartuta, autokontsumoa %31tik gorakoa izango litzateke.

Plaka fotovoltaikoen hornidura eta instalakuntzarako 311.823 €-ko inbertsioa egin zuen Udalak. %80a Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) diruz lagundu zuen. Beasaingo Udalak egindako kudeaketaren eskutik eta orain arte lortu diren emaitzei erreparatuz, energia aurrezki azpimarragarriak lortu dira. Autokontsumoaren bitartez saretik argindarra ez kontsumitzeagatik lortutako aurrezkiari esker, hilabete barru azpiegituran egindako inbertsioaren %100 amortizatuko du Udalak.

Unean uneko ekoizpena ikusgai

Azpiegitura eta honen errendimendua gertutik ikuskatzen izan dira Leire Artola alkatea eta Javier Marques  EEEko zuzendari teknikoa. Instalakuntzaren ekoizpena monitorizatzeko sistemari esker, kiroldegiko informazio pantailetan eguzki-plaken unean uneko errendimendua zein den jarraitu ahal izango da. Azpiegitura martxan jarri zenetik, Udalak honen kontsumo eta bilakaeraren jarraipena egin ahal izan du. Honela, Antzizar kiroldegiko sarreran dagoen TV pantailan eta ur parkean dagoen pantaila erraldoian ere agertuko da, Udalaren beste informazio batzuekin tartekatuta.

Jasangarritasuna eta ingurugiroarekiko konpromisoa

Ingurumenarekiko errespetua eta babesa mantentzeko konpromisoari lotuta, Beasaingo Udalak udal eraikinetan eta zehazki Antzizar kiroldegian urteak daramatza azpiegiturak jasangarriago bihurtuz energia iturri berriztagarrien bitartez, azken azpiegitura hau kasu. Energia kontsumoa murrizteko, argiteria LED sistemara aldatzeko lanak egin dira. Honetaz gain, uraren beroa berreskuratzeko eraginkortasun handiko modulua jarri zen.

Indarrean den araudiaren arabera egunero igerilekuetako uraren %5a berritzen denez, honek energía galera bat dakar berarekin. Galera hauek konpentsatzeko, kiroldegiak igerilekuetako berriztapeneko uraren beroa berreskuratzeko eraginkortasun handiko modulua jarri zuen. 

Biomasa galdararekin gas naturalaren ordez erregai gisa biomasaren alde egin zen. Gas naturalaren kostu aldakorraren aurrean, biomasa bertako baliabidea da eta aukera honekin kiroldegiaren energia behar zati handi bat betetzen da, CO2 emisioak jaitsiz.

0ac47614 7582 432e a1a8 95e64f7bce49

18bcf445 24ec 4375 84f8 2595419135e8

e26a7189 2b38 4fc5 9a06 2509d9c5ca65