Herriguneko ardatz nagusi hau hobetzeko landu den proiektuak bizilagun eta merkataritzari gune zabalagoak eskainiko dizkio

Bi kaleetako bizilagun, merkatari eta ikastetxetako ordezkariekin egindako bileretan proiektuaren xehetasunak partekatu eta jasotako proposamenak aztertu eta adostu dira 

Behin proiektua garatzen denean, denbora eta dirutan zenbatekoa edukita, lanak hasteko moduan leudeke

San Inazio eta Esteban Lasa kaleek erdiguneko arteria nagusietako bat osatzen dute. Denda, saltoki, ikastetxe eta zerbitzu ugari biltzen dituen ardatza da eta pertsonen topaleku eta joan-etorrirako eremu. San Inazio kalearen garapenak 60. hamarkadan eman zituen lehen pausoak eta  Esteban Lasa hamarkada batzuk geroago gehitu zitzaion. 

Garai hartako hirigintza irizpideekiko aurrerapauso nabariak eman dira azken hamarkadetan, baina ardatz honek azaleko konponketak soilik jaso dituenez, agerian gelditu dira urteen poderioz pairatzen dituen gabeziak. Hargatik, udalerriko beste hainbat kaleetan egin den bezala, ardatz hau egungo behar eta baldintzetara egokitzeko erabakia hartu zuen udal gobernuak, oinezkoei egokitutako espazioak lehenesteko eta bertako merkataritza eta saltokiak indartzeko konpromisoarekin jarraituz. 

Oinarri hauekin, udal gobernuak San Inazio–Esteban Lasa ardatza eraberritzeko partida bat txertatu zuen 2023ko aurrekontuetan. Proiektuaren oinarria lantzeko, bi kaleetako bizilagun, merkatari eta ikastetxeko ordezkariekin lau tailer egin dira azken lau hilabeteetan proposamenaren ezaugarri nagusiak aurkeztu, aztertu eta adosteko. 

Proiektuak jasotzen duen eremuak, San Inazio kalea eta Esteban Lasa kalearen 1-11 zenbakiak hartzen ditu; baita hauekin bidegurutze bat osatzen duten Andramari, Martina Maiz eta Igartetxe kaleen zati bat ere. Guztira 6.110m2 inguru. 

Proiektua bi fasetan banatuko litzateke: batetik San Inazio-Andramari bidegurutzea eta bestetik Esteban Lasa-Martina Maiz-Igartetxe guneak hartzen dituena. Esku-hartzeak hiru helburu nagusi bete nahi ditu: irisgarritasuna bermatu, oinezkoen segurtasuna eta kaleak atseginagoak bilakatzea.

Irisgarritasuna bermatzea

Merkataritzak eta herriko zerbitzu ezberdinek duten indarrak, herritarren joan etorri erosoagoak sortzea eskatzen du eta hori horrela, oinezkoei lehentasuna eman nahi zaie proiektuan, irisgarritasuna hobetuz.

Espaloi zabalagoak izango ditu kaleak eta bertako autobus geltokia ere mugitu egingo da, markesina eta eserleku egokiak hobetuz.

Oinezkoen segurtasuna areagotzeko, bidegurutzeetan bisibilidade hobeago bat edukitzea landuko da proiektuan, besteen artean, bertan dauden bi ikastetxeen erabiltzaileak kontutan hartuta.

Espaloi zabaltzeak, aukera emango du zuhaixka eta landara eta lorez beteriko parterreak jartzea, gune atseginago bat sortuz. 

Hiri altzarietan ere emango da hobekuntza. Eserlekuak jarriko dira kalean zehar, txirrinduentzako aparkalekuekin batera eta argiteria ere hobetuko da.

Proiektua udara aurretik amaitzea espero da, bizilagun eta merkatariekin egindako tailerretan landutako ezaugarriak oinarri hartuta. 

Azaleran egin beharrekoa zehaztearekin batera, lur azpian dagoen hoditeriaren berritzea nola egingo den landuko da, beharrezko ditugun oinarrizko zerbitzuak berritzeko (komunikazioa, gasa, elektrizitatea, ura, saneamendua…)

Horrek erakutsiko digu denbora eta dirutan egin beharreko inbertsioa. Kalearen garrantzia eta egin beharreko lanak, inbertsio estratejikoa izango da etorkizunerako.

 WhatsApp Image 2023 03 31 at 19.32.20

WhatsApp Image 2023 03 31 at 19.32.19 3

WhatsApp Image 2023 03 31 at 19.32.19 2

WhatsApp Image 2023 03 31 at 19.32.19 1