Gernika pasealekuko aparkalekuan kokatuta dagoen azpiegitura berriak bi ibilgailu aldi berean karga ditzake 

Herrikoa den Indar Ingeteam enpresarena da instalatu den azpiegituraren teknologia 

Datozen urteetan udalerriko aparkaleku nagusietan karga puntuak jartzeko lanketan ari da Udala 

Udalaren elektromugikortasun estrategiaren lehen mugarria Gernika pasealekuan aurkeztu dute gaur Leire Artola alkateak eta Indar Ingeteam enpresako Sara Odriozola eta Sara Pachecok. Aurreneko karga puntu hau bertako enpresa baten teknologiduna izatea ez da kasualitatea, Udalak lanketaren hasieratik bilatu du Indar Ingeteam-en produktu bat herrian edukitzea.  

Beasainen aurrenekoa den instalakuntza berri honek, bi ibilgailu aldi berean kargatzeko gaitasuna du. Bi aparkaleku egokitu dira karga puntuan eta Udala datozen urteetan udalerriko aparkaleku nagusietan karga puntu gehiago jartzeko lanketa burutzen ari da. 

Ezaugarri teknikoak

50 kW-ko potentziadun Ingeteam Rapid-50 Trio errekarga puntu azkarra da instalatu dena. Jasotzen dituen konexio eta ezaugarriei esker, edozein ibilgailu elektriko edo hibridoekin bateragarria da. Gailuak 2 hartune ditu, korronte jarraiko 50 kW-rainoko bikoitz bat (Chademo eta CCS combo konexiodunak) eta 22kW-rainoko korronte alternoko bigarren bat. Horrela bi ibilgailuei zerbitzua eman dezaioken azpiegitura batetaz ari gara hitz egiten.

Kargatzen ari den den ibilgailuen bateria eta ezaugarrien arabera, 50kW-rainoko hartunearen bitartez kargaren %75a 45 minututan egin ahal izango da eta bi ordu inguru beharko dira 22kW-rainoko hornidura erabiltzen bada.

Argindarraren hornidura-zerbitzua emateko eskaera egina dagoen arren, argindarra edukitzeko egun batzuk itxaron beharko da oraindik. Ordainketari dagokionez, ahalik eta erosoena izan dadin Udalak bi aukera eskaini dizkie erabiltzaileei: batetik, Zunder aplikazioaren bitartez egin ahal izango da eta bestetik, txartel bidezko ordainketa zuzena App-a deskargatu beharrik izan gabe. 

Klima aldaketari aurre egin

Euskadi mailan ez ezik, elektromugikortasunarena Europatik egin den apustu estrategiko bat da. Datozen hamarkadetan, egun konbustio teknologietan oinarritzen den automozioaren industriaren transizioa osatu nahi da eta bide batez, krisi-klimatikoaren erronkari aurre egin mugikortasuna deskarbonizatuz. Izan ere,  Gipuzkoaren kasuan adibidez, urtero isurtzen ditugun berotegi efektudun gasen %43,3a mugikortasun sektoretik dator, Foru Aldundiaren 2020ko datuen arabera.

Zentzu honetan, Abenduaren 21eko 29/2021 Errege Lege Dekretuak, mugikortasun elektrikoa, autokontsumoa eta energia berriztagarrien hedapena sustatzeko legeak, aparkaleku publikoetan 40 plazako ibilgailu elektrikoentzako errekarga puntu bat instalatzeko betebeharra ezartzen du, baita 20 plazako bat eskaintzea ere etxebizitza erabilera ez duten beste eraikin guztietan, hala nola, kirol azpiegiturak, bulegoak…

Udalaren konpromisoa 

Mugikortasun jasangarriaren aldeko ekimenen artean aurkitzen da honako hau. Eragiten dituen onuren artean, ingurumenari zein gizarte eta ekonomi arloei eragiten dienak daude. Ibilgailu elektrikoak erabiliz CO2aren emisioak murrizten dira, eta horrek airearen kalitatea hobetzen du, osasunean positiboki eraginez.

Udal gobernuak tinko mantentzen du bere konpromisoa ingurugiroaren babesaren alde eta klima aldaketaren aurkako borrokan. Horretarako azken urteetan lanean dabil hainbat ekimen aurrera eramanez. Besteak beste mugikortasun jasangarria eta energia eta klima aldaketaren planak gauzatuz.

karga puntuajpg