Eraispen lanen segurtasun neurriak bermatzeko ibai aldeko eremua hesitzen hasi dira. Espaloia eta bidegorria etenda geratuko  direnez, errepidearen beste aldeko espaloia erabili beharko da. Errepideko trafikoari dagokionez, orain arte bezala mantenduko da

Langileen etxolak eta oinarrizko azpiegiturak Olaran eraikinaren alboko aparkalekuan kokatu dira 

Eraispen lanen gertutasuna medio, lanak burutuko diren eremuko segurtasun hesiak kokatzen hasi dira. Horretaz gain, datozen egunetan langile eta beharginen etxola eta azpiegiturak instalatzen arituko dira Olaran ondoko aparkalekuan, baita erabiliko den makineria deskargatu eta gordetzeko lekua egokitzen ere. Prestaketa lan hauek bi astez luzatzea espero da.

Inguruko etxebizitzen egoera dokumentatzen amaitzen den bitartean, gaurtik lan eremuan giza baliabide eta makineria desberdinen mugimendua somatzen hasi da. Izan ere, eremuaren hesitzeko lanei ekin diote segidan etorriko diren eraispen lanak baldintza seguruetan egin daitezen. Hesituko den eremua, Oria ibaiaren aldeko ibilbidea izango da, Juan XXIII kalea eta Ezkiaga Etorbideko bidegurutze paretik Jose Miguel Iturriotz kaleko 15. zenbakiraino.

Lanen perimetroa itxitura batekin hesitzeaz gain, datozen egunetan lanak aurrera emateko ezinbestekoak diren langileen etxola eta beste hainbat azpiegitura kokatuko dira. Hain zuzen ere Olaran eraikina eta J.M. Iturriotz kaleko 19. zenbakiaren artean dagoen aparkalekuan. Eraispen lanetarako makineria berezia ere datozen egunetan ekarriko da.

Espaloian eta bidegorrian behin-behineko aldaketak

Hesitzea hasi eta lanak amaitzen diren bitartean, ibaiaren aldeko espaloia eta bidegorria eten egingo dira obrak beharrezkoak diren segurtasun baldintzekin egin daitezen. Gauzak horrela, Jose Migel Iturriotz 15-etik Ezkiaga Etorbidera joateko eta alderantziz, oinezkoek Olaran eraikina dagoen aldeko espaloia erabili beharko dute. Aldi berean, txirrinduz dabiltzanak ez dute bidegorria erabilgarri izango eta ondorioz, errepidetik edo espaloitik (bizikleta eskuan) igaro beharko dute. 

Lanak amaitzen direnean, egun horren erabilia den ibaiaren ertzeko espaloiak zabalera handiagoa izango du. Etxebizitzak dauden aldean ere gutxienezko bi metroko zabalera bermatuko da. Bidegorria, aisia eta eguneroko mugikortasun jasangarrirako ezinbestekoa den ardatz hau, bere horretan mantenduko da.

Trafikoa bere horretan lanek irauten duten bitartean

Trafikoari dagokionez ez da etenik izango lanak burutzen diren bitartean. Gaur egun bezala mantenduko da. Oraingo errail bakarraren trafikoa bi ertzetan dauden semaforoen bitartez erregulatuko da. Hori bai, salbuespenak gertatuko dira makineria mugitu behar den momentuetan. Kasu horietan trafiko eten laburrak egon daitezke eta egoera hauek udaltzaingoarekin kudeatuko dira. 

Aparkalekuei lotuta, afekzio bakarra  Olaran eraikina eta J.M. Iturriotz kaleko 19. zenbakiaren artean dagoen gunean izango da. Obrarako ezinbestekoak diren langile etxolak eta beste baliabide batzuk bertan kokatuko dira eta herritarrek ezingo dute bertan aparkatu. Inguruko ostalarien zamalanak koordinatzeko, lanen ardura duen enpresa negozioetako arduradunekin jarriko da kontaktuan.

Behin lanak amaituta, gaur egungo trafiko eskema nabarmen aldatuko da Beasaingo erdigunea eta Ezkiaga auzoa modu eraginkorragoan lotzeko. Proiektuaren berrantolaketari esker, espaloiak zabaldu eta bidegorria mantentzeaz gain, bigarren trafiko erraila berreskuratuko da eta norabide bikoitza ezarriko da. Ondorioz, Olaran eraikinaren parean eta Ezkiaga Etorbidearen hasieran dauden semaforoak desagertu egingo dira.

Porteria hesitzen 1