Udalak, uholdegarritasun arriskua gutxitzeko lanen hasiera dela eta, hauei buruzko informazioa emateko bilera batera deitu ditu auzotarrak abenduaren 20an Murumendi eskolan

Udal gobernuak azken urteetan CAF eta URA Ur Agentziarekin elkarlanean egindako kudeaketa eta lanaren ondotik eratorritako proiektua da ibaiaren ubidea zabaltzeko lana

Ezkiaga auzoan Oria ibaiak eragiten duen uholdegarritasun arriskuaren arazoari irtenbidea emateko lanak datorren hilabetean hasiko dira URA Ur Agentziak jakinarazitakoaren arabera. Lanen egikaritzea Moyua, Iparragirre eta Jaizubia enpresek osatutako UTEari esleitu zaio eta 22 hilabeteko iraupena izango dute. Esleipen prezioa 6.144.604,47 eurokoa izan da. 

Udal gobernuak azken urteetan CAF eta URA Uraren Euskal Agentziarekin elkarlanean egindako kudeaketa eta lanaren ondotik eratorritako ondorioa da Porteria eremuan Oria ibaiaren ubidean egingo diren lanak. Honetaz guztiaz azalpenak emateko bertatik bertara, udal ordezkariak Ezkiagako auzotarrekin proiektuaren inguruko lehen xehetasunak emateko joan den uztailean bilera egin zuten. 

Informazio-bilera auzotarrekin

Lanen hasieraren gertutasuna medio, Udalak urtarrilean hasiko diren fase desberdin eta afekzioei buruzko informazioa helarazi nahi die Ezkiaga eta Porteria inguruko bizilagunei. Ia bi urte irautea espero diren lanen nondik norakoak eta xehetasunak jakinaraztea garrantzitsua dela irizten dute udal agintariek. Horretarako Murumendi eskolan abenduaren 20an arratsaldeko 18:30etan egingo den informazio-bilera batera deitu ditu auzotarrak. Hori horrela, gonbidapena zabaltzen die Udalak bizilagunei bilerara etor daitezen, baita interesa eduki dezaketen beste beasaindarrei ere.

Laster hasiko diren lanen lehen faseak hamar asteko iraupena izango du. Epe horretan, trafikoaren desbideraketa, J.M. Iturriotz kaleko etxebizitzen azterketa, ur-jauziaren eraispena eta CAFeko ataria, zubia eta kaperaren eraispena egitea aurreikusten da. Eraispenen ondorioz, eraikinetako hainbat elementu lekuz aldatu edo gordeko dira. Esaterako, kapera ondoko ezkia eta amiantorenei eskultura, Joan XXIII kaleko 12. zenbakiaren pareko lorategian kokatuko dira. Erabaki hau, Udalak CAFeko langile eta Amiantoaz kaltetutakoen elkartearekin adostua izan zen. 

Segurtasuna eta ingurumena helburu


CAFerako sarrera nagusia, "Porteria" bezala ezagutzen dena, inguru enblematikoa da udalerriarentzat. Ibaiaren ubidea handitzeak ekarriko du orain arte udalerriko eremu honek nozitzen zuen uholdegarritasun arriskua murriztea eta hori da lortu dena Udalak aurrera eraman duen kudeaketari esker. Ingurua berrurbanizatzeak duela hamarkada batzuetatik ditugun uholde-arrisku arazoak errotik kentzea dakar, eta, beraz, pertsonen eta ondasunen segurtasunean irabaziko da.

Gainera, ingurunearen irisgarritasuna hobetzeko aukera emango da, eta bidegorria mantenduz, zirkulazioaren bi noranzkoak berreskuratuko dira bertako trafiko arazoei irtenbidea emanez eta bidearen bi aldeetan espaloi zabalak jarrita. Ezkiaga auzoarentzat aurrerapauso bat izango da, zalantzarik gabe pertsonak helburu dituen proiektua da, herritarren eta auzotarren ongizate eta bizi kalitatea hobetu eta aukera berriak ahalbidetuko dituena.

Udalak baliabide guztiak jarri ditu martxan eraispenak, urbanizazio proiektua eta obra berrien hasiera arintzeko. Aisialdirako gune berria erakargarri bihurtuko da, eta balio erantsia emango dio eremuari. Lanen dimentsioa aprobetxatuz, Udalak eremu honen jarraian geratzen den ibilbidearen irisgarritasuna eta oinezkoentzako hobekuntzarako esku hartze bat txertatu du hitzarmenean. Jose Migel Iturriotz kalea eta Urbietako zubiaren artean geratzen den tartean, ibaiaren aldeko espaloiari zabalera gehiago emango zaio egun oinezkoen pasabidea hobetzeko. Espaloiaren zabaltzea are eta nabariagoa izango da zubian. Espaloiaz gain, aparkalekutik datorren bidegurutzea hobetu eta Urbieta eraikineko edukiontzien irisgarritasuna hobetuko da. Bidegorria espaloiaren kotara igoko da baita ere.

Tamaina honetako proiektuak ez dira egun batetik bestera martxan jartzen diren horietakoak, ezta bakarrik gauzatu daitezkenak ere. Batzuk lanketa sakon eta ahalegin berezia eskatzen dute eta horietako bat da, hain zuzen ere, Porteriako eremuari dagokiona. Instituzioekin (URA) eta entitate pribatuekin, CAFen kasua, 2017 geroztik burutu den elkarlanari esker gauzatu den proiektua da oraingoa.