Lanak abuztuan hasi eta irailean amaitzea aurreikusten da eta Obras y Pavimentos especiales S.A. enpresak egingo ditu

Gobernu batzordeak burututako ezohiko bilkuran erabaki du Igartza Futbol Zelaiko belar artifiziala aldatzeko lanak Obras y Pavimentos especiales S.A. enpresari esleitzea. Erabakia proposamenaren arabera, esleipen prezioa 499.717,52 eurokoa da eta egikaritze epea bost astekoa, abuztuaren 1etik kontatzen hasita. 

Honela bada kirol zerbitzuen kalitatearen eskaintzan, Igartza futbol zelaiaren eraberritzean beste urrats bat eman da erabiltzaileen beharrei erantzunez. 2002an estreinatu zenetik badira 20 urte esku hartze garrantzitsurik egin ez dela. Belar artifizialaren erabilgarritasuna eta bizi-iraupen egokia amaitu zela badira urteak eta honen aldaketa presazkoa da. Zelaiaren erabilera ere handitu da, bertan Beasain Kirol Elkarteko oinarriko taldeez gain, Goierri Gorriko neskak eta Caribeños softball taldeak ere erabiltzen dutelako.

Belarra ordezkatzeaz gain, zelaiaren azalera handituko da, baita ureztatze sistema eta drenajea ere, argi-dorreak mugituko dira zelaiaren dimentsioa optimizatzeko eta segurtasuna hobetzeko harmailetako baranda aldatu, sareak indartu eta sarrera langa berria kokatuko dira. 

Udal arduradunen asmo eta eginkizunen ardatzetako bat mantenu lanen arloa da, alegia, udal azpiegitura eta instalazioei dagozkien baliabideak baldintza eta egoera aproposean edukitzea kalitatezko zerbitzua eskaintzeko herritarren beharrei begira.