Ekainaren 10ean irekiko dira Dolarea parkeko ur-jolasak eta urria arte egongo dira erabilgarri 

Zirkuitu itxi batean berrerabiltzen den uraz hornitzen dira iturriak eta iragazpen sistema bati esker uraren kalitatea eskatutako osasun-arauetara egokitzen dela bermatzen da

Iazko urrian estreinatu zen Dolarea parke eraberritua. Hobekuntza lanen ondotik, eremu baztertu eta degradatua zen parkea biziberritzeko helburua bete zuen Udalak. Parkean egin ziren aldaketa nagusien artean kokatu ziren ur-jolasak aurkitzen dira. Jarri eta kendu daitezken jolas hauek, behin uda sasoia eta eguraldi beroa iristean kokatu dira eta funtzionamenduan egongo dira ekainaren 10etik urrirarte. 

Ur-Jolas jasangarriak

Jolas hauek uraren kontsumo arduratsu bat egiten dute, izan ere, zirkuitu itxi batean berrerabiltzen den uraz hornitzen dira iragazpen sistema bati esker, milaka ur litroren kontsumoa ekidinez. Horretaz gain, uraren osasungarritasuna bermatzeko, igerilekuetako urak duen kontrol berdina du osasun arauak betetzen direla bermatuz. Hartara, astean bi aldiz egingo dira mantenu lanak sistema osoaren funtzionamendua egokia dela egiaztatzeko eta filtro ezberdinak garbitzeko. Uraren kalitatea egokia dela ziurtatzeko egunean bi analisi egingo dira eta hilean behin analitika berezia laborategian. Analisi guztiak erabiltzaileek ikusteko leku batean jarriko dira ikusgai.

Berrerabiltze sistema horretaz gain, nahiz eta ur hornidura irekita egon, jokoak martxan jartzeko eskuz aktibatu behar izango dira, egon daitezkeen ur galerak are eta gehiago murriztuz. Ur-jolasak martxan jarri ahal izango dira honako ordutegiaren barruan: goizeko 9:00etatik gaueko 21:00etara.

Dolarea parkea espazio balioanitza

Ur-jolasetako txorrotak parkearen erdigunean kokaturik daude, anfiteatroaren erdialdean. Espazio hau gune gardena bilakatu da, parkeari balio-aniztasun handiagoa emanez. Uda garaian, haurren jolaserako bi txorrota-iturri dira jolasen ardatz. Uda sasoia amaitzean udazkenean berriro erretiratuak izango dira.

Horrela, urritik ekainera eremu aproposa bilakatzen da Dolarea inguruan jolasean ibiltzen diren haurrek modu seguruagoan kirol eta jolas desberdinetan aritu daitezen. Horretaz gain, parkeko eremu hau kultura, kirola eta beste mota batzuetako ekitaldiak burutzeko erabilgarri egongo da. 

Akupuntura urbanoaren filosofiari jarraiki, parke honi balio erantsia eman zaio eta aisialdirako leku bihurtu da. Proiektuaren ildo nagusiak ezarri zituen herritarren parte-hartze prozesu baten ondoren, Udal gobernuaren 2019-2023 Legegintzaldi Planaren mugarri handienetako bat izan da.  

Dolarea parkea irekiera 20211001 33 Dolarea parkea irekiera 20211001 33