Nafarroa etorbidea eta Oriamendi kaleak lotzen dituen igogailua martxan jarrita, Nafarroa Etorbidearen eta Arangoiti egoitzaren arteko ibilbidearen irisgarritasuna bermatzen da

Merkataritza-lokalek eta etorkizuneko erretiratuen etxeak igogailu bidezko sarbidea dute

Igogailua kokatuta dagoen ingurua berrantolatu egin da merkataritzaren eta oinezkoen mesedetan

Leire Artola alkatea eta Adur Ugartemendia Lurraldea arloko batzordeburua Nafarroa Etorbidea eta Oriamendi kaleak lotzen dituen igogailu berria martxan jartzeko ekitaldian izan dira. Igogailuaren estreinuaz gain, hau ingurutzen duten eskailerak, egon-lekuak eta lorategiak ikuskatzen izan dira. Zazpi hilabeteko lanaren ondoren, igogailu berriaren instalakuntza eta ingurua berrurbanizatzkeo obraren kostua, guztira, 274.128 €-koa izan da.

Ardatz irisgarri berria

Proiektu honekin beste urratsa bat eman da udalerrian irisgarritasuna hobetzeko, mugikortasun urriko pertsonei aukera ematen baitie Nafarroa Etorbidetik Arangoiti egoitzara modu autonomoan joateko. Era berean, etorkizuneko erretiratuen etxerako sarbide nagusia izango da, Urbi-Etxeko etxabeetan. Egoitza berriko lanak martxan daude, eta 2022ko udaberrian amaituko dira.

Gainera, Nafarroa etorbideko 1. eta 3. blokeen artean dauden bi merkataritza lokaletarako irisgarritasuna bermatzen du, horrek bezeroei zerbitzu hobea eskaintzea dakar.

Espazio publikoa hobetzea

Igogailua jartzearekin batera, berrurbanizazioaren proiektuan jasota zeuden eskailerak, egoteko guneak eta lorategiak berrantolatu dira. Honela, kalitate handiagoko espazio publikoa eskaintzeko helburua bete da. Bereziki Nafarroa etorbideko kotan, oinezkoentzako plazatxo atseginago bat sortu baita eta, beraz, erakargarriagoa merkataritza lokalentzat.

Etorkizuneko hobekuntzen atarikoa

Esku-hartze hau Nafarroa etorbidearen eta Oriamendi eta Erauskin kaleen arteko lotura hobetuko duten hiruretatik lehena da. Martxan dauden erretiratuen etxeko lanen ondoren, Oriamendi kaleko eta Erauskin plazako zorua berrantolatu eta hobetuko da. Gabonak igaro ondoren, 2022ko urtarrilean, lan hauek hastea espero da.

Udal espazioen moldaketa eta hobekuntza udal gobernuaren legegintzaldiko kudeaketa planean jasota dago. Akupuntura urbanoaren filosofiari jarraiki, espazioen hobekuntzak eta berreskurapenak, herritarrengandik hurbilen dagoen ingurunea hobetze du helburu, herritarren ongizatean eta bizi kalitatean eragina izan dezan.

igogailua Oriamendi Naf etob. 20211222 8 web