Erosotasunean, segurtasunean eta irisgarritasunean eragingo duten hobekuntzak izan dira 

Beasaingo edukiontzi gris eta marroietan pedalak jartzeko lanak hasita daude dagoeneko. Pedalaren helburua oinarekin eraginez estalkia irekitzea izango da. Pedalak aukera emango die erabiltzaileei edukiontzia erosoago irekitzeko, esku batean txartela edo giltza eta bestean bota beharreko poltsa duela. Hobekuntza honekin erosotasunean ez ezik, segurtasunean eta irisgarritasunean ere irabaziko du herritarrak zaborrak edukiontzietan uzteko garaian. 

Zentradoreak ontziak ez mugitzeko

Pedalak instalatu ondoren, edukiontzi hauen azpian lurrean zentratzeko gida edo zentratzaile bat torlojutuko da, eta horren gainean sartuko da edukiontzia. Zentratzaileak beti posizio berean lerrokatuta egotera behartuko du edukiontzia. Zentradore hori bera ontzi-arinak uzteko edukiontzien azpian ere jarriko da.

Sasieta mankomunitateak ROS ROCA SAUri esleitu dio errefusarentzako eta organikoarentzako alboko kargako edukiontziei pedalak jartzeko esparru-akordioa. Orotara 500 pedal inguru instalatuko dira. Pedalak Ataun, Beasain, Idiazabal, Lazkao, Legazpi, Legorreta, Olaberria, Ordizia, Ormaiztegi, Urretxu, Zegama eta Zumarragan jarriko dira.

edukiontziak pedalak 1 edukiontziak pedalak 2