Aspace elkarteko gurasoak Dolarea parkearen eraberritzeari buruzko interesa agertu dute eta honi buruzko xehatasunak jaso dituzte udal arduradunen eskutik 

ASPACEk Beasainen duen egoitza gertu dagoenez, Dolarea parkearen eraberritzeak Elbarritasun Zerebralaren Elkarteko gurasoen interesa piztu du. Izan ere, parkearen hurbiltasunari esker, ASPACEren erabiltzaileek egoitzatik irten eta aire zabaleko jarduerak egin ahal izango dituzte. Hori dela eta, eraberritzean egingo diren aldaketak bertatik bertara ezagutzeko interesa agertu diote Udalari, eta horregatik, udal arduradunek, Leire Artola alkatea buru dutela, egingo diren aldaketen nondik norakoak azaldu dizkiete.

Dolarea parkearen birmoldaketa lanak datorren hilean hasiko dira eta lanen aurkezpenak irakurketa ezberdinak ekarri ditu. Proiektuak suposatzen duena testuinguruan kokatzeko, Aspaceko familiekin bildu dira udal ordezkariak.

Aisialdirako gune berdea Igartzan

Leire Artola alkateak eta Adur Ugartemendia hirigintza arloko arduradunak, Aspaceko Itziar Jimenez eta Alaitz Imaz gurasoei parkearen birmoldaketaren helburu eta estrategia nagusiak zein diren azaldu diete: mugikortasun urriko pertsonentzako irisgarritasuna bermatzea eta Igartzako monumentu-multzoan integratzea.

Dolarea, gaur egun hainbat oztopo arkitektoniko dituen parkea da, Igartza Oletako ardatzari bizkarra emanez. Proiektuak guztiz kontrakoa bilatzen du: Oria ibaiaren pasealekura beste ikuspegi bat irekitzea, arrapala irisgarri baten bidez, eta hiri-ingurunearekin integratzea. Aldea nabarmena izango da.

Berdeguneak homogeneizatzea eta hiri-paisaia hobetzea dira proiektuaren beste indarguneetako batzuk. Belarraren eta zoladura gogorraren erabilera optimizatzeko aukera emango du, futbolean jokatzeko eta beste kirol-jarduera batzuk egiteko. Anfiteatroen aurreko ur-jolasen eremua da udako hilabeteetarako proposamenaren beste balio erantsietako bat.

Parte-hartzearen ondoriozko proiektua

Azkenik, udal arduradunek azpimarratu dute beharren eta diseinuaren gidalerroak aurreko legealdian garatutako herritarren partaidetzarako programa batetik abiatzen direla. Maila politikoan egin dena herritarren irizpide horiek proiektura eramatea izan da, irtenbide formalik onena eman zedin.

Nolanahi ere, Aspaceko gurasoek ekarpenak egin dizkiete udal ordezkariei beren beharren inguruan, jolas azpiegitura egokituak jartzeko aukera azter dezaten. Alkateak eta Hirigintza arduradunak horiek kontuan hartzeko konpromisoa hartu dute.

Dolarea aspace 28