Duela bi urte Udalak lagatako Iturralde txiki izeneko eremua txukundu, garbitu eta berreskuratu da eta erreka bazterreti neumatikoak, eraikuntzako materialak eta zabor ugari erretiratu dituzte Udalaren laguntzarekin

Beasaingo Udalak, Igartza Arku Tiroketa taldeak duela bi urte bere ekimenak aire zabalean burutu ahal izateko eskaerari erantzunez, Iturralde txiki eremuko lur sail bat laga zion bere jardunari dagozkion entrenamendu saioak burutu ahal izateko. 

Lur sail hau Eztanda errekaren ertzean kokatuta, Arku Tiroketa taldeko boluntarioen ekimenez sasiak janda zegoen ingurua garbitu eta txukundu egin dute eta bi urteko emaitza ikusgarri geratu da orain. Eztanda erreka-bazterra zabortegi bihurtua zegoen bertatik erretiratu dituzten hondakin guztiak ikusita; 80 neumatiko baino gehiago, eraikuntzako obra-hondakinak eta zaborrak pilatuta zeuden bertan modu inkontrolatuan denbora luzean jaurti ondoren.  

Erreka bazterra eta arku tiroketarako eremua inguratzen duen lur saileko sastraka guztiak kendu eta bertako arboladia libratu izanak inguru naturala berreskuratzea suposatu du. Beasaingo Udalak, boluntario talde honen lana eskertu eta laguntzeko borondatea erakutsi du. Izan ere txalotzekoa da musutruk egindako lan honekin erreka agerian uzteko eta herriari gerturatzeko egindako garbiketa lana.

Beasaingo Udalak hau bezalako ekimenak sustatu, lagundu eta babesteko asmoa adierazten du. Herritarrei aukera eman nahi die elkarlanean udalerriko natur eremuak berreskuratzeko, horretarako beharrezkoak diren baliabideak hauen eskura jarriz. 

Natur ingurunea herritarrei gerturatu

Beasaingo natur ingurunea balioan jarri eta herritarrei gerturatzea udal gobernuaren helburu nagusi izaten jarraitzen du. Igartza arku tiroketa taldeak udalaren laguntzarekin garbitu eta egokitutako eremuaren adibidea, azken urteetan Oria ibaiaren aldian aldiko garbiketari lotzen zaio. Herritar gazte taldeek udalaren garbiketa zerbitzuarekin elkarlanean aldiro egiten diren garbiketa saioetan parte hartzen dute. 

Bestalde, legegintzaldi honetarako aurreikusita dago Oria ibaiaren ertzean ingurubide berdearen egitasmoa gauzatzea. 

arku tiroketa 201807182018an eremua laga zitzaieneko irudiaarku tiroketa 20200707 13Garbitze eta txukuntze lanak burututa