GoiOsasunlab programak, bizitza autonomia luzatzea du helburu horretarako zahartze aktiboa sustatzeko, jarduera fisikoak, kognitiboak eta osasuna zaintzeko tailer birtualak antolatuko dira Nagusilan elkartearekin elkarlanean
Pertsonen ongizatea helburu hartuta, herritarren bizi kalitatea hobetuko duten egitasmoak bultzatzea da Beasaingo udal gobernuaren printzipio nagusia. Oinarri horretatik abiatuz, adineko pertsonengan begia jarrita jarraitzen du, gizartearen sektore hau baita arreta eta behar gehien bereganatzen duena.
Hori horrela, gizarte zerbitzu eta laguntzen menpekotasuna murrizteko, GoiOsasunLab proiektuaren helburua adineko pertsonen bizitza autonomia luzatzea da. Honela, etxez etzeko laguntzak edo eguneko zentroetako sarrerak atzeratzen lagundu dezake. Bizitzeko autonomia luzatuz gero, adineko pertsonek etxean bizitzen jarrai dezakete, bizi-kalitate duina mantenduz.
Zahartze aktiboa sustatzea
Beasainen proiektua aurrera eramateko prozesua ekainean hasi zen. Programan parte hartzeko izena eman duten 70 urtetik gorako beasaindarrei borondatezko balorazio bat egin zaie saio digitalen bidez. Ikerketak bere gaitasun bio-psiko-sozialen azterketa izan du barne.
Uztailean, lortutako datuak “gurutzatu” egin dira, Beasaingo doktore, erizain eta udal teknikari eta zinegotziz osatutako lantalde bati esker. Datu horiekin, partehartzaileen behar izanak identifikatu dira. Prozesuan Nagusilan elkarteak parte hartzen ari da eta prozesuaren jarraipenean egongo da.
Behar izan hauen arabera, irailean pertsona eta adin bakoitzera egokituta egongo diren jarduera fisiko, kognitiboko edo osasunera zuzendutako tailer birtualak antolatuko dira.
Programa bukatzean emaitzak ebaluatu egingo dira, bai indibidualki eta bai Udal mailan.
Eskualde mailako programa
GoiOsasunlab egitasmoa, Gipuzkoako Foru Aldundiko Adinberri Estrategiak finantziatutako Zahartze aktiborako programa bat da, Goierriko 70 urtetatik gorako pertsonei zuzendua. Beasainez gain, Itsasondo eta Ataunen ere jarri da martxan. Prozedura 3 herrietan berdina da. Covid-19 pandemia medio saioak aurrez aurrekoak izan beharrean, modu digitalean egin dira. Programa martxan jarri eta jarraipena egiteko, Udaletxe bakoitzak bere lantaldea osatu du. Programan parte hartzen ari diren 3 Udaletxeen esperientziak eta datuak eskualde mailan aztertuko dira. Datuak gurutzatuko dira egoeraren analisi bat osatuz.
Beasainen bezala, Goierriko pertsonen autonomia luzatzeko eta eguneko zentroetako sarrerak atzeratzeko aukeren azterketa orokor bat egingo da proiektu amaieran. Aipatzekoa da parte hartzaileentzat programa honek ez duela kosturik izango.