Parekidetasuna eta ongizatea zeharlerro izanik, jasangarritasun ekonomiko, soziala eta ingurumenekoa izango dira aurrekontuen xede beasaindarren ongizatea hobetzeko

Oposizioko alderdien ekarpen gehinenak barneratuta, Alderdi Sozialista eta Elkarrekin Podemos abstenitu ziren eta EHBilduk aurka bozkatu zuen.  2024ko udal aurrekontua 21.7M  eurokoa izango da

Eguneroko kudeaketan aurrera eramandako zorroztasunak eta zuhurtziak, gogoa eta ilusioa pizten duten aurrekontuak onartzea ekarri du Leire Artola alkatearen hitzetan.  Etorkizunean garrantzi handiko proiektuak abian jarri ahal izango dira eta honen ondorioz, Beasain hobe bat izateko pausoak emango direla gaineratu du.

2024rako onartutako udal-aurrekontua 21.796.075,50 eurokoa izango da. Aurreko agintaldian abiarazitako proiektuak eta orain aurrera begira hasiko direnak bateratuko dira, garapen jasangarriaren bidea sendotasunez urratuz eta ingurumena errespetatzen duen udalerri gizatiarragoa eratuz. Bozketan, PSE alderdia (2) eta Elkarrekin Podemos (1) abstenitu egin ziren eta EHBilduk aurka bozkatu zuen (4). 

Herritarrak xede

Beasaindarren ongizatea eta bizi-kalitatea bermatzea dute helburu aurrekontu hauek.  Amarauna proiektuaren barruan, desgaituen arteko sozializazioa lantzeko, sentsibilizazio eta prebentzio saioak aurrera eramango dira. Belaunaldien arteko harremanak sustatzeko, gazteak eta adinekoak harremantzeko ekimenak jarriko dira martxan. 

Gazteengan arreta jarriz, nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko egitasmoa abiatuko da, aurten burututako sorkuntza bateratu baten prozesuaren ondotik. Era berean, zaintzaren Tokiko Ekosistemak sustatzeko egitasmoa jarriko da martxan. Gazteleku zerbitzua berriz ere martxan jarriko da. 

Zahartze aktiboarekin lotutako proiektuek bere horretan mantenduko dira, gure adinekoen bizi-kalitatea prebentzioaren bidez hobetzeko. Ondo ibili ondo izan programak, Exercita  edota Euskadi Lagunkoiak esaterako.

Bizitza osasungarriagoa sustatzen duten programek belaunaldi gazteenei ere erreparatuko diete, eta elikadura-ohitura osasungarrienetara hurbilduko dituzte, tokiko eta sasoiko produktuen merkatua aitzakia hartuta. 

Honi lotuta, Gizarte Ongizate Saila indartuta eta beharrezko zerbitzu guztiak aktibatuta mantentzen da. 

Kultura, nortasuna eta ondarea 

Kalitatezko kulturaren alde eginez, ondare historikoa zaintzen duen orori zuzendutako laguntzak bere horretan darraite. Parrokian aurkitu diren horma-pintura errenazentistak bistaratzeko lanei babesa ematen jarraituko du Udalak, aurten ere Beasaingo Parrokiari dirulaguntza emanaz. 

Herriko elkarteak, Beasaingo herria bizirik mantentzen dute eta beraien egitasmoak aurrera eramateko behar besteko dirulaguntzak ematen jarraituko dugu.

Euskarak, nortasun-ikur eta komunikazio-hizkuntza den aldetik, babesa behar du,  euskararen ezagutza eta erabilera indartu dadin. Aittu euskara elkartearekin sinatuko den hitzarmena indartu egingo da; ikastetxeekin bat, hizkuntza-errefortzua zerbitzuarekin jarraituko da eta Udal Euskaltegiaren laguntzaz, ikastaro trinkoak eskainiko zaie herriko ostalariei, oinarrizko elkarrizketak euskaraz egiteko aukera izateko. 

Gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko egitasmoak izango dute protagonismoa DBH4. mailako ikasleekin partekatuko den egitasmoarekin. 

Familietan, parkeetan,  euskararen erabilera sustatzeko ekimenak aurrera eramango dira, jolas tradizionalen ezagutza edota euskal musikarien abestiak transmititzeko aukerak probestuaz (Kantari ekimena)

Etxebizitza

Etxebizitza Hutsen azterketa jarriko da abian, etxebizitza hutstzat zer ulertzen den ongi zehaztu, Beasainen dauden etxebizitza hutsen kopurua dimentsionatu,  eta horien egoera ezagutuz, etorkizuneko etxebizitzen sustapenerako estrategiak bideratzeko.

Alor berdinean, Udalak laguntzak emango dizkie alokairuan dauden beasaindar gazteei emantzipazioa errazteko eta baita etxe jabeei ere, etxebizitza hutsak merkaturatu ditzaten.

Ekonomiaren sustapena

Tokiko ekonomia indartsu mantentzea funtsezkoa du Udalak. Ahalegin horretan, bertako azokaren eta merkataritzaren sustapenean eragiteko ekimen eta egitasmoak ez dute etenik izango 2024an. Larunbateko azoka berezian deskontu bonuak jaulkiko dira tokiko eta garaiko produktuen erosketa sustatzeko. 

Azokako ekoizle eta erosleei zerbitzu gehigarria eskaintzeko takilek izango dute jarraipena 2024an. Produktu galkorrentzako baliagarri izango diren takilak jarriko dira plazazpian, eta takila sarea hedatuko da herrian zehar.

Horretaz gain, azokaren irudia hobetzeko eta produktuak balioan jartzeko ekintzak eta kanpainak bultzatuko dira. Merkataritza sareari eta merkatariei zuzendutako formazioak, sentiberatze kanpainak eta ekitaldiak aurreikusi dira.

2023an landutako Berdintasun Planaren onarpenak, datozen urteetan aurrera eramateko ibilbide-orria zehaztuko du.

Espazio publiko atsegina eta kalitatezko zerbitzuak

Udalerriko espazio publikoa hobetu eta udal eraikinen eskaintzan aurrera pausoa emateko, udaberrian San Inazio-Esteban Lasa ardatzeko eraberritze lanak hasiko dira, ingurua  sozialki eta komertzialki biziberritzeko. Irisgarritasuna, bide segurtasuna eta gune atseginago bat bilakatzea dira proiektuaren ardatzak. 

Bestetik, Arana kalean, Bonberia kulturgune berria egokituko da. Herriko kultur eskaintza eta sorkuntza sustatzeko topagune izateaz gain, Bonberia aktibatzeak, Arana kalea biziberritzea ekarriko du.

Udal Bibliotekaren birgaitzea egingo da,  egungo beharrei erantzuteko helburuarekin, espazioaren eta zerbitzuen analisi bat egin ondoren.

Dolarea parkean komun publikoa jarriko da, parkeak egun duen erabileraren ondorioz, erabiltzaileen beharrak asetzeko asmoz.

Legealdi amaierarako Beasaingo kale argiteriaren %100 LED teknologiara aldatzea da helburua, horretarako 2024 hasieran trantsizio honen lehen fasea egikarituko da. Gune berrietan ere argiztapen esku-hartzeak egingo dira, hala nola Gudugarretako industrialdea eta Salbatore arteko bidegorria argiztatuko dira oinezko eta bizikleta erabiltzaileen erosotasun eta segurtasunerako.

Ingurumenaren zaintza eta mugikortasun jasangarria

Antzizar kiroldegian kontsumitzen den ura berotzeko Fundiciones del Estanda enpresaren bero soberakina aprobetxatzeko proiektua izango da ekimen aintzindarietako bat. Gainera, esku-hartze hau egiteko lanak baliatuz, Aldundiarekin lankidetzan Antzizarreko biribilgunea egikarituko da. 

Mugikortasun jasangarriari dagokionez, osasun etxea eta Olaberria lotuko dituen Oriako Bide Berdeak oinezko eta bizikletentzako lotura berri bat eskainiko die herritarrei eta Bizikleta alokairu-publiko zerbitzua ere martxan jarriko da, Beasaingo gune nagusiak garraiobide honen bitartez egitea erraztuko duena. 

Osoko bilkurako beste gaiak

Abenduko osoko bilkuran onartu ziren besteak beste, honako gai hauek; 2023ko ordainsarien igoerari dagokionez, aho batez onartu ziren langileen igoerak. Zinegotzi eta talde politikoenei dagokionez, EAJk alde bozkatu zuen eta gainontzeko alderdiek aurka. Igartza Futbol Zelaiko taberna ustiatzeko kontratazioaren baldintzak aho batez onartu ziren. San Inazio-Esteban Lasa kaleetako berurbanizazio lanen kontratazioaren alde egin zuten EAJ (9),  PSE (2) eta Elkarrekin Podemosek (1) eta EHBildu (4) abstenitu egin zen. Aurkeztu ziren bi mozioei dagokionez, pentsiodunek aurkeztu zuten mozioan, udal gobernuak aurkeztutako kontramozioa onartu zen eta zaintzari buruz EAJk aurkeztutako mozioa ere onartu zen.