Idazle lazkaotarraren “Ilargi-kutsadura” proiektua saritu du epaimahaiak aurkeztutako 12 lanen artean, tartean bat Argentinatik iritsia

Iazko irabazleak,  Lizar Begoñak, liburua amaitu du eta  sariaren bigarren zatia jaso du. Datorren udaberrian aurkeztuko da

Lazkaotik dator aurtengo Igartza Literatur-sorkuntza Beka irabazi duen eleberri proiektua. 33 urteko Irati Irizar, ikasketaz eta lanbidez ingeniaria, irakasle eta aholkulari lanetan jardundakoa da. Garaikurra eta 6.000 euroko sariaren erdia jaso ditu Igartzako jauregian burututako sari emate ekitaldian. Orain, urte eta erdiko epea izango du proiektua nobela bihurtzeko. 

Hogeita seigarren edizioa bete du Beasaingo Udalak, Elkar argitaletxeak eta CAF enpresak, idazle gazteak laguntzeko antolatzen duten beka honek. Igartzako jauregian elkartu ziren sari emate ekitaldian irabazlea zein hiru erakundeetako ordezkariak; Beasaingo alkatea Leire Artola, Elkar argitaletxeko Xabier Mendiguren eta CAFeko euskara arduraduna Bianditz Iraola. Ekitaldian ere, Lizar Begoña Madariaga iazko irabazleak, behin bere liburua amaituta, sariari dagokion bigarren zatia jaso du. Itzalkinak eguzkitan nobela datorren udaberrian aurkeztuko da toki berean. 

Beasaingo alkatea den Leire Artolaren esanetan, Igartza Literatura Beka beasaindarrontzat berezia da. Aurrera eramaten dituzten ekimenen artean harribitxia. Beasain bere mugetatik haratago ezagutzera eman eta mapan kokatzen duelako eta erreferente delako euskarazko gazteen literaturaren munduan. Horren adibide aurten jasotako lanak; guztira 12, 8 Gipuzkoatik (3 Goierritik), 3 Bizkaiatik eta 1 Argentinatik. Generoari dagokionez 5 emakumezkoak izan dira eta 7 gizonezkoak. Bianditz Iraolak CAFen izenean egilea zoriontzeaz gain bitxikeria moduan irabazlea CAFen lanean aritutakoa izatea nabarmendu du eta ilusioa pizten duen lana dela ere azpimarratu du.

Irati Jimenez Uriartek, Garazi Kamio Anduagak eta Aintzane Usandizaga Lopezek osatutako epaimahaiak erabaki zuen lazkaotarraren proiektua saritzea. Egileak azaldu duenez, liburu bihurtuko den proiektuak Patricio Guzman zinemagile txiletarraren “Nostalgia de la luz” dokumentala izan zuen sorrera puntu. Atacamako basamortuan dago kokatua dokumentala non izar behatzaileak eta diktaduran desagerrarazitako hezur bilatzaileak batzen diren. Biak dute antzekotasuna, batzuk zerura begira, besteak lurrera. Betiere iragana jopuntu. Abiapuntu horretatik, haiek Atacama duten bezala Euskal Herrian Bardeak ditugu, izarrak behatzeko toki aproposa baina era berean faxisten sarraski toki ezaguna 36ko gerran. Basamortu eszenatoki horretan eraiki du lazkaotarrak kontakizuna. Western modernotzat kalifikatu du lana.   

Idazle gazteen sorkuntza-lana saritzea

Igartza Literatura beka saria Beasaingo Udalak idazle berrien sormena bultzatzeko helburuarekin sortu zuen. Baldintza nagusiak, 35 urte bete gabe izatea, aurretik lan argitaraturik izatekoetan helduentzako bi liburu baino ez izatea eta lanak jatorrizkoak eta euskaraz sortuak izatea dira.  

Orain arteko irabazleak:

LIBURUAIGARTZA SARIAURTEAARGIT. URTEAEGILEA
TUBABU I.ª   1994 Jon Arretxe Perez
CONNEMARA GURE BIHOTZETAN I. beka 1998 2000 Julen Gabiria Lara
EGUN DENAK EZ DIRA BERDIN II.beka 1999 2001 Xabier Etxeberria Garro
KORAPILOAK II. bekaaccesit 1999 2001 Jasone Osoro Igartua
ORTZADARRA SUTAN III.beka 2000 2002 Fernando Morillo Grande
VAN´T HOFFEN ILEA IV.beka 2001 2003 Unai Elorriaga Lopez de Letona
HAN GOITIK ITSASOA IKUSTEN DA V.beka 2002 2004 Julen Gabiria Lara
KARONTE VI.beka 2003 2005 Asel Luzarraga Zarrabeitia
AMAREN ESKUAK VII.beka 2004 2006 Karmele Jaio Eiguren
LILE VII. bekaaccesit 2004 2006 Peru Magdalena Arriaga
AULKI BAT ELURRETAN VIII.beka 2005 2007 Uxue Alberdi Estibaritz
ERO IX.beka 2006 2008 Jon Martin Etxebeste
HABITAT X.beka 2007 2009 Katixa Agirre Miguelez
NORA EZ DAKIZUN HORI X. bekaaccesit 2007 2009 Irati Jimenez Uriarte
KATU JENDEA XI.beka 2008 2010 Eider Rodriguez Martin
MEA CULPA XII.beka 2009 2011 Uxue Apaolaza Larrea
BESTE NORBAITEN ZAPATAK XIII.beka 2010 2012 Garazi Kamio Anduaga
GELTOKIAK EDO HELDUTA ENTZUTEKO ABESTIAK XIV.beka 2011 2013 Goiatz Labandibar Arbelaitz
ERRAIAK XV.beka 2012 2014 Danele Sarriugarte Mochales
EZ TIRO EGIN ANBULANTZIEI XVI.beka 2013 2015 Mikel Ayllon Corral
HAUTS HAIETATIK XVII.beka 2014 2016 Unai Villena Camarero
NOLA HELDU NAIZ NI HONAINO XVIII.beka 2015 2017 Kattalin Miner Perez
ZALDI MAMARROA XIX.beka 2016 2018 Ekaitz Goienetxea Cereceda
BASA XX.beka 2017 2019 Miren Amuriza Plaza
ZENDABALITZ XXI.beka 2018 2020 Erika Elizari Salvador
HERRIAK EZ DU BARKATUKO XXII.beka 2019 2021 Irati Goikoetxea Asurabarrena
EZ ERRAN INORI XXIII.beka 2020 2022 Maddi Ane Txoperena Iribarren
ARRAIN HEZUR BAT EZTARRIAN XXIV.beka 2021 2023 Olatz Mitxelena Larreta
ITZALKIAK EGUZKITAN XXV.beka 2022 2024 Lizar Begoña Madariaga
ILARGI-KUTSADURA XXVI.beka 2023 2025 Irati Irizar Alvarez

 Igartza Literatura beka 20230913 1Irati Irizar Alvarez garaikurrarekin

Igartza Literatura beka 20230913 2Lizar Begoña Madariaga iazko sariaren bigarren zatia jasotzen

Igartza Literatura beka 20230913 4