Beasain aplikazioaren bidez, udaleko webaren bitartez eta Kiroldegiko harreran inprimakia betez, herritarrek abenduaren 13a arte izango dute sarietarako hautagaiak proposatzeko aukera 

Udalerrian edozein esparrutan kirola sustatzen, bultzatzen edo emaitzetan nabarmendu diren beasaindarrei aitortza egin nahi zaie 

Beasain Kirol Sariek irudi berria estreinatuko du, oroigarri eta sari guztietan nabarmenduko da nortasun propioa eta bereizgarritasuna indartzeko

Beasain Kirol Sarien aurtengo edizio martxan da. Abian da sarietarako hautagaiak aurkezteko epea eta herritarren esku dago saria jasoko dutenen izenak proposatzeko aukera. 

Aurtengo sari emate ekitaldia abenduaren 27an arratsaldeko 19:00etan egingo da Igartzako jauregian. 2023ko hautagaiak zein izango diren jakiteko herritarren iritzia jaso nahi da eta proposamenak biltzeko bideak hauek izango dira: telefonoetako Beasain aplikazioa, udalaren web-a eta Antzizar kiroldegiko harreran eskuragarri dagoen inprimakia bete eta bertan kokatuko den kutxan sartuz. Proposamenak egiteko epea abenduaren13an bukatuko da.

Urteko kirol sariak eta ohorezkoak

Sariak bi kategoriatan banatuko dira, urteko kirol sariak eta ohorezko kirol sariak. Beasain Kirol Sarietan banatuko diren urteko kirol sariak hauek izango dira:

  • Emakumezko kirolariari edo kirol taldeari saria 
  • Gizonezko kirolariari edo kirol taldeari saria 
  • Kirol jardunaldiari saria 
  • Erakunde babesleari saria 
  • Sari Nagusia 

Beasaingo kirolari edo kirol taldeek kirol jardueretan izandako parte hartze nabarmenak edo lorturiko emaitzak aitortzeko asmoz beste aipamen batzuk egingo dira. 2023. urtean nabarmendu diren Beasaingo kirolarien lorpenak omentzea da helburua. Epaimahaiak eskumena izango du aipamen bereziak izendatzeko.

Izangaien proposamenak jaso ondoren, guztiak aztertu eta epaimahaia osatuko da hautagaien merezimenduak baloratzeko eta sarituak aukeratzeko. Epaimahaiak Saridun guztiak aukeratu ondoren, hauen artetik erabakiko du zein den 2023ko Sari Nagusia jasoko duena. Dagokion oroigarriaz aparte, Sari Nagusiak oroitzapenezko plaka izango du Antzizar Kiroldegian, helburu horretarako egokituko den gunean. Bestalde epaimahaiak eskumena izango du aipamen bereziak izendatzeko.

Ohorezko udal sariak

Atal honetan ohorezko bi sari emango dira, Kirol ibilbideari Ohorezko saria eta Ohorezko Beasain saria. Beasaingo Udalak eskumena izango du, egoki ikusiko balu, bi sari berezi hauek emateko. Ohorezko bi sariak Herritarrak Batzordeak proposatu eta Alkatetzak ebatziko ditu.

Sari hauen bidez Beasaingo kirolaren alde, edozein norbanako edo elkartek egindako lana jendaurrean goraipatu eta adieraziko da. Horretarako antolatuko den ekitaldian, aurrez erabakitako sail, kategoria eta genero bakoitzeko sarituari dagokion oroimenezko ikurra emango zaie. Sariak ohorezkoak dira, hau da, ez dute inolako ekarpen ekonomikorik izango. Beasain Kirol Sarien oinarriak Udalaren webean aurkitzen dira kontsultatu nahi izanez gero. 

Sarien ikur berria

Beasain Kirol Sariak irudi berria estreinatu da aurten. Oroigarri eta sari guztietan agertuko den logoa Tandem enpresak sortu du. B, K eta S hizkiak moldatzen dira sorkuntza honetan eta Beasaingo armarriaren koloreak nahastuta, kirol jarduera ezberdinen mugimendua irudikatzen dute. Oroigarri eta sari guztietan nabarmenduko da irudi hau, sarien nortasun propioa eta bereizgarritasuna indartzeko.

Beasain Kirol Sariak, Udalak 2016an abian jarritako egitasmoa da. Udal gobernuaren ekimenez  helburu nagusia da, Beasaingo edo Beasainen kirol alorreko jarduera bultzatzen, sustatzen edota emaitzetan nabarmendu diren pertsonen eta erakundeen aipamen berezia egitea eta jende aurreko aitortza eta esker ona adieraztea. Honela bada, Beasaingo kirolariak eta kirolaren inguruan lan egiten dutenei goraipamena egitea da asmoa eta herritarren edota norbanakoen esku uztea hautagaiak proposatzeko aukera.

BEASAIN kirola gifBeasain Kirol Sarien irudi berria