1973ean burutu zen lehen edizioaren bultzatzaile nagusia Paulino Velázquez  izan zen

Aurten 48. edizioa jokatuko da nobedade garrantzitsuen artean, lasterketa streaming bidez emango da, eta pantaila erraldoia kokatuko da Erauskin plazan zuzenean jarraitzeko

CAFeko porteriako lanengatik zirkuituaren irteera eta helmuga mugitu dira apur bat eta lau itzuli eman beharko zaizkio 9,2 Km-ko hiri-ibilbidea osatzeko

Ospakizun artean dator aurtengo Beasaingo San Silbestre krosa. Lehenengoz egin zela mende erdia betetzen den honetan, Beti Bizi Elkarteko ordezkariek, alkatearekin batera aurkeztu dute 48. edizioa. Antolatzaileek zein udal agintariak bultzada berezi bat eman nahi izan diote Euskal Herri mailan zein estatu mailan izen eta ospe berezia duen lasterketari. Hala azaldu dute aurkezpenean, Beti Bizi Elkarteko Juan Carlos Antón eta Lander Ramos kideek. Beraiekin batera, Udalaren babesa eta esker ona azaldu die Leire Artola alkateak antolatzailee.

1973an lehenengo aldiz jarri zen martxan Paulino Velazquez kirolari eta korrikalariaren ahaleginari esker. Berarekin ere Javier Escalante atleta beasaindarra aritu zen laguntza lanetan. Lehena gaztetxoei zuzenduta antolatu zuten, alebinak, infantilak, jubenilak eta kadete neskak. Hasieratik nesken parte hartzea zuen San Silbestre beasaindarrak eta arratsaldez burutzen zen, seietan hain zuzen. Distantzia eta irteerei dagokionez aldaketa ugari izan ditu azken bost hamarkada hauetan baita beti herriaren bihotzean.   

Lasterketa herritarra izan da betidanik, baina antolatzaileek egindako lanaren ondorioz Euskal Herrian ez ezik, estatu mailan sona handia lortzera iritsi da. Urteen poderioz, probak ospea hartu zuen, estatu mailako korrikalarientzat erakargarria izan zelarik. Beasaingo kaleetan zehar, Garin anaiak, Lourdes Gabarain, Camel Ciani, Amaia de Andrés, Andrés Antonio Rodriguez, Antonio Serrano, Natalia Azpiazu, Rossi Talavera, Martín Fiz, Diego García eta goi mailako atletak korrika egin dute. Sariak ere garrantzitsuak izaten hasi ziren. Hogeigarren ediziotik aurrera atzerriko atletak hasi ziren parte hartzen. Gaur egun ohikoa da atleta marokoarrak, kenyarrak, etiopiarrak, eta frantsesak ikustea. San Silbestre beasaindarrak hiru urtetan egin zion huts bere hitzorduari: 1975, 2020 eta 2021an.

Ibilbidean aldaketak

Aurten lasterketak izango dituen zenbait aldaketa ere azaldu dituzte antolatzaileek. Ezkiaga auzoko CAFeko atarian burutzen ari diren obrak baldintzatuta, zirkuitua moldatu egin behar izan da luzeran dituen ia bederatzi kilometroak osatzeko. Lehen, CAFeko kapera zegoen pareraino iristen zen eta aurten lehenago, Olaran eraikinaren parean emango dute bira parte hartzaileek. Hori horrela, helmuga ere zertxobait mugituko da, Nafarroa etorbidean gora egingo du metro batzuk. Zirkuitua guztiz urbanoa da ohiko moduan. Lasterketaren 9,2 Km-ak osatzeko, prestatu den zirkuituari lau itzuli eman beharko zaizkio. Barrendain plazan eta esan bezala Olaran fabrikaren parean izango dira bira emateko bi puntuak. Kale Nagusia, Nafarroa etorbidea, Trenbide kalea, Joan Iturralde kalea, Zaldizurreta biribilgunea eta kalea eta J.M. Iturriotz kalea zeharkatuko ditu San Silbestreak.

San Silbestrea zuzenean jarraitzeko aukera

Sortu zela 50 urte betetzen diren honetan, XLVIII. edizioa beteko da -1975, 2020 eta 2021ean ez zen izan-. Leire Artola alkateak aipatu duenez, Beasaingo Udalak bultzada berezia eman nahi izan dio San Silbestre lasterketari. Horregatik, lasterketa streaming bidez udalaren youtube kanaletik eskainiko da zuzenean, edonork edonon ikusi ahal izateko. Horretaz gain, Erauskin plazako eskenategian pantaila digital erraldoi bat kokatuko da bertaratzen direnek lasterketaren zuzeneko jarraipena egin dezaten. Pantaila hau sari emate ekitaldirako erabiliko da podium-a bertan kokatuko baita. 

Guzti honetaz gain, udalerrian barreiatuta dauden informazio pantailetan eskainiko da lasterketaren emanaldia. 

Berdintasuna sarietan

Sari potoloak eskaintzen ditu Beasaingo San Silbestreak, emakume zein gizonezkoentzat, irabazleak 1.200 euro jasoko ditu. Bigarrenak 900, hirugarrenak 600, laugarrenak 300, bosgarrenak 250… horrela bi kategoriatan, lehen hamabostentzat egongo da diru-saria. Izenematea bakarrik internet bidez egin daiteke bide hauetatik; www.beasain.eus, eta www.kronoak.com 10 euroko ordainketa egin beharko da eta txipak eta dortsalak Udaletxeko sarreran jaso beharko dira lasterketaren egunean 9:30-11:30 bitartean. Izena emateko epea abenduaren 29a arte egongo da irekita eta 14 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute. Lasterketa 12:00etan hasiko da eta sari emate ekitaldia 13:15ean burutuko da Erauskin plazan. Goierriko bi Handiak (G2H) eta MariMurumendi Maratoirako bi dortsalen zozketa egingo da parte hartzaile guztien artean. Dortsalak norberarenak eta besterenezinak izango dira.  

IMG 0443