Batzorde aholku-emaile hauetan parte hartzeko izen-ematea zabalik egongo da martxoaren 31 arte 

Ingurumenaren zaintza eta hirigintza egiturazko bi lan arlo izango dira etorkizuneko Beasain marrazteko eta beasaindarren partaidetza ezinbestekoa da Udalarentzat

Beasaingo Udalak herritarren parte hartzea bultzatu nahi du gaur egun eta etorkizunari begira udalerria eraikitzen jarraitzeko hain erabakiorrak diren bi gaien inguruan. Ingurumenaren zaintza eta hirigintza politikak egiturazko bi lan arlo izango dira etorkizuneko Beasain marrazteko. Pairatzen hasi garen krisi-klimatikoaren aurrean eraginkortasun energetikoan eta energia garbietarako transizioan egikarituko diren ekimenek datozen belaunaldiei ingurune bizigarriago bat uztea ahalbidetuko dute.

Hiri ereduak ere inpaktu zuzena izango du erronka honetan, diseinu jasangarri batek eraikinen kontsumo energetikoaz gain, espazio publikoetan emango diren tenperaturak, biztanleon mugikortasun beharrak, irisgarritasun baldintzak eta ingurumenean eragina duten beste hainbat ondorio ekarri ditzake, positibo nahiz negatiboak. Hirigintza politika egokiek bere eragin sozialak ere baditu noski, etxebizitza duin eta orekatu eskaintza bat erraztearena adibidez, baita ezinbestekoak diren zerbitzuak udalerri guztian zehar modu homogeneoan banatzea ere.

Etorkizuneko bi gai hauek lantzeko helburuarekin, legealdi berriari dagozkion Jasangarritasun Energetikoaren eta Planeamenduko Aholkularitza Batzorde berriak osatu nahi ditu Udalak, herritarren parte-hartzea ezinbestekotzat duten bi organo aholku-emaile.

Jasangarritasun Energetikoaren Batzordea

Jasangarritasun Energetikorako Partaidetza Batzordeak, jasangarritasun energetikoaren alorrean organo aholku-emailea izatea du eginkizun. Batzorde honen helburua, Beasaingo Udalaren jasangarritasun energetikoko politiken diseinuan eta erabakietan gizarte eragileek, elkarteek, erakunde publiko adituek, gizartearen ordezkariek eta langileen ordezkariek benetan parte hartzen dutela ziurtatzea da.

Besteak beste, energiarekin zerikusia duten udal politikaren jardun-ildoak proposatzea, Energia eta Klima Aldaketa Planaren egoerari buzuko informazioa aztertzea eta udal eraikinen, instalazioen eta parke mugikorraren inbentarioaren onarpena proposatzea izango dira batzordearen lan-ildo nagusiak. 

Horretarako, energia arloan formakuntza eta/edo esperientzia duten 4 herritarrek parte-hartu ahal izango dute, baita jarduera udalerrian edo eskualdean garatzen duten elkarteetako eta Beasaingo enpresetako bi kidek ere. Gainontzeko partaideak, alkatea, lurralde batzordeko presidente eta zinegotziak, udal langileen ordezkariak eta ingurumen teknikaria izango dira.

Plangintza Aholkularitza Batzordea

Udal Planeamenduko Aholku Batzordearen xede nagusia hirigintza plangintza orokorra osatu, puntualki aldatu edota berrikuspena egiteko espedienteei buruzko informazioa aztertu eta iritzia azaltzea izango da, kasu honetan aldeko edo aurkako posizioa zehaztuz. Era berean, batzordeak eskumena izango du hirigintza-antolamenduko beste plan eta tresna batzuei buruzko saioen deialdia egitea, kideen gutxinez herenak horrela eskatzen badu. 

Zinegotziak edo udal teknikariak ez diren kideen artean, Bareak elkarteko ordezkari bat, Tokiko Agenda 2030eko ordezkari bat eta Eskola Agenda 2030eko hirugarren ordezkari bat izendatuko dira. Horretaz gain, jarduera udalerrian garatzen duten elkarteetako beste bi kide ere egon ahal izango dira. Halaber, hirigintza, ingurumen, kultura, kirol, hezkuntza eta gazte gaietan adituak diren pertsonak.  

Izen-ematea

Jasangarritasun Energetikoaren zein Plangintza Aholkularitza Batzordearen kide izan nahi duten herritarrek, beraien eskakizuna udal ordezkarien bitartez, telematikoki Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbide elektronikora idatziz edota IGuneako arreta zerbitzuraren bitartez egin ahalko dute martxoaren 31a baino lehen.