Azenariozko bizkotxoa nola egin erakutsiko da tailerraren orduan

2023ko lehenengo azoka berezia urtarrilaren 13an dator. Errege egunak baldintzatuta urtarrileko bigarren larunbatean izango da urteko lehen azokak. Negu-giro betean, sasoi honetako barazkiak izango dira nagusi azokako postuetan, besteak beste, azalorea, brokolia, azelgak, zizerbak, bruxelar aza, aza, porrua eta baratxuri freskoa.

Barazkiez gain, beste produktu batzuek saltzen dituzten postuak izango dira Loinazko San Martin plazaren azpian: eztia, ogia, loreak eta landareak, tartak eta gailetak, gazta eta haziak.  Beraz, poltsa bete produktuz etxera joateko moduko azoka izango da. Artisau erara egindako poltsak, lepokoak, umeentzako adur-zapiak eta abar saltzen dituen postua ere izango da. Tailerraren orduan, Susanne Klemmek, azenariozko bizkotxoak egiten erakutsiko du.

Egitaraua:

  • 10:00 Bertako produktuen azokaren hasiera.  
  • 11:30 Azenariozko bizkotxoak egiten ikasteko tailerra azokako ekoizlea den Susanne Klemmen eskutik.
  • 12:00 Loinatz Musika Eskolako trikitilariek eta pandero joleek azoka girotuko dute.   
  • 13:30 Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa azokan erosketak egindakoen artean.  
  • 14:00 Bertako produktuen azokaren amaiera.

Bertakoa eta garaian garaikoa bultzatzea

Hileko lehen larunbateko azoka berezia, Udal gobernuak martxan jarritako egitasmoa da eta honen helburua, bertako ekoizleen eta baserritarren lana balioan jarri eta garaian garaiko produktuen kontsumoa areagotzea ez ezik, kontsumitzaileak azokara erakartzea ere bada. Horretarako azoka dinamizatzeko ekintza ezberdinez osatutako egitaraua antolatzen da hilero. Bertako eta sasoiko produktuak kontsumitzeak dakartzan onurak jakinarazi eta sustatzea ere bada Udalaren asmoa, osasunaren eta bizi kalitatearen alde eginez.