Uztailean hasitako prozesuan ibaiaren garbiketa eta landare inbaditzaileen erauzketa egin dira eta orain landaketa berrien txanda iritsi da

Ibaien garbiketa eta kontserbazio egoera hobetu eta herritarrak kontzientziatzea beharrezkoa dela esan du Udalak

Beasaingo Udalak, herriko ibai eta erreka degradatuak leheneratu eta egoera ekologiko hobean jartzea xede duen helburuaren baitan, 2023ko ekimenei amaiera emango dion landaketa fasea jarri du martxan. Biologo adituen aholkularitza eta laguntzarekin (Aranzadi Zientzia Elkartea), ibarbasoa leheneratzeko zuhaitz-landareak landatuko dira.

Landaketari hasiera emanez, udal agintariak izan dira Oria errekan lehen zuhaitz-landareak landatzen. Udalaren hitzetan “herria txukun mantendu eta natur ondarea babestea ezinbestekoa da Udalarentzat, herria eta herritarren ongizatean eta klima aldaketaren aurkako erronkan eragin zuzena duelako”. Ibaiko landarediaren mantenua bere gain hartzen du Udalak baita garbitasunaren ardura ere eta honela ingurumena zaindu eta etorkizuneko Beasain eraiki eta babesteko konpromisoari eusten dio. Hortaz gain, aldiro biltzen den zabor kopurua kontutan izanik, herritarrak arazo honetaz sentsibilizatzen jarraitzeko helburua bete nahi duela gaineratu dute.

Erreken egoera hobetzea

Proiektu honen helburu nagusia, Beasaingo erreken biodibertsitatearen kontserbazio egoera hobetzea da eta berezko habitata leheneratzea. Uztailean ibaietako zaborraren garbiketa eta landare inbaditzaileen erauzketa burutu zen herritarren parte hartzearekin. Landaketari buruz esan, bertako ibar-basoa leheneratzea denez helburua, ekimen honetan Aranzadi Zientzia Elkarteko biologo adituen laguntza jaso da eta ibaiko landarediaren azalpenak eman dituzte.

Ibai ekosistemak munduan mehatxatuen dauden ekosistemen artean kokatzen dira, ibilgua ez ezik, arro osoa moldatu izan dugulako urteetan zehar, eta hiri asko ibaien inguruan eraiki ditugulako. Jasaten dituzten mehatxu nagusien artean, hondakinen pilaketa eta landare inbaditzaileen presentzia daude. Azken hauen presentzia oso ugaria da ibarbasoetan, ibai ertzak oso habitat mesedegarriak direlako landare inbaditzaileen hedapenerako. Landare hauen artean, batzuk eraldatzaileak dira eta ekosistemetan aldaketak eragiten dituzte, bertako landaredia deuseztatu eta baztertuz, besteak beste. 

Beasainen, Agauntza, Estanda eta Oria ibaien garbiketa egin zen lehenik, eta ibarbasoetako landaredia inbaditzailea kartografiatu zen ondoren, kaltegarrienak identifikatu eta ahal den neurrian erauzteko. Ibai garbiketari dagokionez, 2.749kg zabor atera ziren guztira, eta landare inbaditzaileen kasuan, aldiz, 918 m2-ko azalera erauzi da. Behin lan horiek eginda, landaketa egingo da, bertako ibarbasoa leheneratzeko helburuarekin. Landaketa hau Antzizar kiroldegiaren atzeko eremuan egingo da, Oria Ibaiko zubiaren alde batean. 

Landaketa

Erauzketak ibaiaren lehen lerrora arte egin zirenez, lehenik eta behin lehen lerroan 5 Zuhandor (Cornus sanguinea)  eta 10 Intsusa beltz (Sambucus nigra) sartuko dira alde batetik, eta 10 Haltza (Alnus glutinosa)  bestetik. Atzerago, 10 Lizar (Fraxinus excelsior) landatuko dira. Modu honetan, bertako landare espezieak hautatuta, ibarbasoa indartzea eta landare inbaditzaileen sarrera mugatzea izango da helburua. 

Proiektuaren helburua bat dator bete-betean Euskadiko Biodibertsitate-estrategiarekin, Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen Estrategiarekin eta Ingurumen Esparru Programarekin.

Aranzadi eta Udalaren arteko elkarlana

Beasaingo udalak, azken hamarkadan ibai-ekosistemak leheneratzeko hainbat ekintza burutu ditu, bai Goieki Garapen Agentziarekin elkarlanean zein bere kabuz. Batez ere, bi lan ildo jorratu ditu: alde batetik, landare inbaditzaileen kartografia eta erauzketa lanak, eta bestetik, ibai eta ibai-ertzeko hondakinen garbiketa. Landare inbaditzaileei dagokionez, Goiekirekin egin zen azkeneko proiektua 2016an izan zen.

Baina 2021ean berriz ekin zitzaion lanei Aranzadi Zientzia Elkartearen eta Udalaren arteko elkarlanari esker. Bertan, ibai garbiketa eta landare inbaditzaileen erauzketa egiteaz gain, zuhaitz landaketa ere egin zen. Orduan, haltzadi batean agertzen diren espezieak landatu ziren, hala nola, Haltza, Sahatsa, Lizarra eta Hurritza. Guztira 200 landare. Zabor bilketari dagokioenez egindako garbiketan tona bat zabor pasatxo bildu zen (Oria ibaian). Oria, Agauntza eta Estanda ibaietan 1.778 m2 -ko azalera erauzi zen. Aurten, berriz heldu zaio proiektuari, jarraipena ematea ezinbestekoa baita. 

Proiektuaren helburua bat dator bete betean Euskadiko Biodibertsitate estrategiarekin, Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen Estrategiarekin eta Ingurumen Esparru Programarekin.